06 JAN. 2018 PILOTA Ospital prest dago ezusteekin jarraitzeko J.L. Ducassou eta Ospital nertuko dira bihar, 16.00etan, Donibane Garaziko Garat trinketean Superprestigioko finalean. Ducassou izango da irabazteko faboritoa, baina Ospitalek erakutsi du behin eta berriz nolako ahalmenak dituen, eta bera ere oso kontuan hartu beharko da. Ducassou hemen izatea normaltasunez hartu behar da, gaur egun dagoen onenetakoa baita. Azkeneko urte hauetan bakarkako eta binakako finalik gehienetan izaten da, eta hori ez da kasualitatea izaten. Buruz Buruko txapelduna ere bera da, eta finalean orduko aurkari bera izango du: Ospital. Azken hau askoren ustez ezustean sartu da, baina hemen kasualitate gutxi daude. Larralde zen finalerdietan faborito, baina halaxe zen iazko Buruz Burukoan ere, baina Ospitalek irabazi egin zion bietan, eta horrek zerbait esan nahi du, horrelako garaipenak besterik gabe ez baitira etortzen. Final honetara Ospital bi kanporaketa gaindituta dator, eta Ducassouk, bat gainditzea nahikoa izan du, iazko emaitzak hartzen baitira kontuan. Ospitalek final-laurdenetan ekin zion Superprestigioari, eta orduan Etxegarairi 40 eta 28 irabazi zion. Finalerdietan, berriz, Larralde menperatu zuen, 40 eta 35 irabazita. Ducassouk, berriz, partida bakarra jokatu du, finalerdietakoa, eta orduan 40 eta 25 irabazi zion Gixanduti, oso maila ona emanez. Biharko partidan dirua Ducassouren alde aterako da, baina segur aski pasa den Buruz Burukoan bezain argi ez da aterako. Ospitalek Larralde utzi du bazterrean, eta joko bikaina erakutsiz ari da, hori kontuan hartuko dute. Ikusmina ere oso handia dago, eta Garateneko harmailak ere gainezka egongo dira.