08 JAN. 2018 Epaiketa batean herri harresia irudikatzeagatik, 50 lagun epaituko dituzte Madrilgo Auzitegi Nazionalean GARA DONOSTIA Bihar hasita sei egunez Madrilgo Auzitegi Nazionalean egingo den epaiketan, 50 lagunen aurka bost hilabeteko kartzela zigorra eta bi urtez epaiketetara publiko gisa joateko debekua eskatuko du Fiskaltzak. 2015eko maiatzean Ernai gazte antolakundeko zortzi kideren aurkako epaiketan herri harresi bat irudikatzeagatik «desordena» leporatu diete guztiei. «Terrorismoa goratzea» egotzi zieten zortzi kideei, 2013ko Gazte Danbadan Xabier Lopez Peña preso zendu berriaren omenez ekitaldi bat egiteagatik. Auzipetuen artean zen Periko Solabarria ere, baina osasun arazoak tarteko atzeratu egin zioten bista. Absolbitu egin zituen guztiak Angela Murillo epaileak; Periko ez zen epaiketa egunera iritsi, aurretik hil baitzen. Iragan ziren ordurako bizpahiru aste, Segiko kide izatea egotzita, Auzitegi Nazionalak Bergoi Madernaz, Ainhoa Villaverde, Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban gazteak espetxeratzea agindu zuenetik. Azken hirurak Gasteizko Herri Harresian atxilotu zituzten; sei hilabeteren buruan guztiak absolbitu zituen Auzitegi Gorenak. Hain justu, espetxeratutako gazteekiko elkartasunez, protesta ekimena egin zuten Ernaiko kideek eta epaiketa jarraitzen ari ziren publikoko kideek: deklarazioaren erdian zutitu eta kartzelatuen aurpegiak zituzten kamiseta laranjekin «euskal gazteria aurrera» oihukatu zuten. Murillo epaileak epaituak eta publiko guztia aretotik bota zuen; bueltan, «desordenagatik» diligentziak abiatuko zituela esan zuen. Horien jarraipena da bihar abiatuko den epaiketa.