GARA Euskal Herriko egunkaria
EMAKUMEEN KOPA

Galdu arren, IDK Gipuzkoak burua tente duela egin dezake etxerako bidea

Perfumerias Avenidak bigarren laurdenean erabaki zuen finalerdia, 22-14kopartziala lortuta. Erreboterik ez eta baloi galdu larregi donostiarren kalterako.


PERF. AVENIDA 58

IDK GIPUZKOA 48


Mirariak ohikoak balira, ez lirateke mirari izango. IDK Gipuzkoak berebiziko partida egiteaz gain, Kopako finalerako txartela lortzeko mirari bat behar zuen, bere aurkaria Perfumerias Avenida ahaltsua baitzen. Ezin izan zuten Azu Muguruzak zuzenduriko neskek miraririk gauzatu, baina Kopa bikaina eskaini ahal izan zieten beren zaleei bederen, finalerdietan Salamancako taldeari izerdia botaraziz.

Final-laurdenetan Uni Ferroli 61-79 irabazi ostean, Kopa irabazteko faborito den Perfumerias Avenida belarriak tente kantxaratu zen. Deskuiduan aukerarik izanez gero, donostiarrak ez ziratekeen atzera begira geratuko, baina bigarrenean IDK Gipuzkoaren aukerek hutsaren hurrengoraino egin zuten behera. Bigarren laurden horretako 22-14 partzialak kondenatu zituen gipuzkoarrak.

Hasteko, Salamancako taldeak errebotea bere egin zuen, bigarren aukerei esker hainbat saskiratze lortuz. Horrez gain, behartu gabeko baloi asko galdu zituen talde donostiarrak –18 orotara–. Hori gutxi balitz bezala, Lyndra Weaver eta Jilian Alleynek jaurtiketarik errazenak huts egiten zituzten. Atsedenaldira 41-29 atzetik iristea gaitz erdi izan zen, 17 puntuz behetik ere egon baitziren tarte baten.

Elonuren kalitatea

IDK Gipuzkoak bigarren erdi aparta egin zuen. Bere defentsari esker, Perfumerias Avenidak 17 puntu baino ez zituen saskiratu 20 minutuan. Horietatik 12 Adaora Elonu nigeriarrak.

Laugarren laurdenean Elonu izan zen Salamancakoen puntu guztiak sartu zituena, eta bide batez, talde donostiarrari hurbiltzen laga ez ziona. Sarr jokoan sartuta, hamar puntu ingurura hurreratu ziren gipuzkoarrak, baina ez zuten gehiago hurbiltzerik lortu. Dena den, burua tente joan daitezke etxera Azu Muguruzarenak.

«Bigarren erdian gu geu izan gara berriro»

Ez zuen pena handirik Azu Muguruza entrenatzaileak, nahiz eta Perfumerias Avenidaren aurka Kopako finalerdia galdu. Izatekotan, aurreneko 20 minutuetan kementsuago aritu ez izana.

«Atsedenaldian horri buruz egin dugu berba: intentsitatea, baloi bakoitza gura izatea... falta izan zaigu ordura arte. Bigarren zatian gu geu izan gara berriro. Lehiakor izan gara gutxienez eta ez diogu Perfumerias Avenidari ihes egiten utzi. Orain play offetan sartzeko borrokatuko gara», esan zuen. A. G.