GARA Euskal Herriko egunkaria

Erraustegiko garabiak bere horretan, arriskua egiaztatu arren


LABek ohartarazi zuen Zubietako erraustegia eraikitzeko obretan garabiek bere horretan jarraitzen dutela, nahiz eta Lan Ikuskaritzak egiaztatu zuen –LABek abenduko salaketan azaldu bezala– 50 metroko erradio batean jarritako lau dorre-garabik lan arriskua areagotzen dutela.

Horrez gain, urtarrilaren 10ean sindikatuak obrara egindako bisita batean anemometroek ez zutela funtzionatzen ikusi zuten; haize handia dagoenean prebentzio gisa diharduten alarmak dira.

Gauzak horrela, Lan Prebentzioko Legea ez dela betetzen ari salatu zuen sindikatu abertzaleak, «ezta beste segurtasun eta lan osasuneko arauak ere». Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra izanik, «interes politikoak eta ekonomikoak langileen segurtasun eta osasunaren gainetik jartzen» dabiltzala nabarmendu zuten, arauak hausten dabiltzanei ondoriorik –«isunik»– ez dakarkielako.

Donostiako fatxadak

Bestetik, LAB kexu agertu zen, Donostiako udalbatzan EAJ, PSE eta PPren akordioaren ondorioz, hiriburuan fatxadak berritzeko obretan udaleko diru-laguntzak eskatzeko ez delako beharrezkoa izango Gipuzkoako Eraikuntzako Lan Hitzarmena betetzea.