15 FéV. 2018 Iraungitze data Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Eta iraungitze data aitortuko bagenie kantuei? Kantu honenak egingo ditu hemendik hilabetera, eta bere buruaz beste egingo du ondoren, urrutiratu, mesedez, behin data iraungita. Horrelako oharrak idatz genitzake eta diskoan txip bat gehitu autosuntsiketa abiarazteko. Horrela musikaria izango litzateke bere lanaren biziraupena zehaztuko lukeen bakarra. Ez modarekin hain erraz limurtzen diren entzuleak, ez gauzak desiragarri egiteko baliabide guztiak erabiltzen dituzten publizitate agentziak, ezta ere beti zerbait deigarriren bila dabiltzan komunikabideak. Ilargipean bere margorik ederrenak erretzen dituen margolariak bezala izan, bere obraren gaineko kontrol guztia hartu duen artista bat, kantuaren azterketa egin eta geure buruari galdetu, zenbateko iraupena merezi du honek? Eta jakina ezinbestekoa beharko luke zintzo jokatzea geure buruarekin, bestela, musikariak nolakoak garen ezagututa guztiek aitortuko genieke gure kantu guztiei eternitatea. Horrek, ordea, ez du balio. Dagoeneko, milioika diskoz beteta dago historiaren elefanteen hilerria. Beraz, eta gatozen harira, irauten duten denbora bada gauzen balioa zehazteko kontuan hartuko dugun ezaugarri nagusia, hobe dugu beste zerbaitetan hastea, kantuek ez baitute piperrik balio egun. Entzun, eta irentsi gabe bota, hamaika aldiz egunero gure belarriak gaztigatzeko erabiliko dugun kantu errepikakor hori topatzen dugun arte, eta horixe da, lagunak, balio gehiegi duena, errepikapenaren errepikapenez etorkizunaren bidea egiten du artelan puska.