05 MAI 2018 SEASKAKO HAURREN DANBORRADA IKASTOLEN ALDARRIA INOIZ BAINO OZENAGO BAIONAKO KARRIKETAN AURTENGO HERRI URRATS ASTE BAT LEHENAGO HASI DA, BAIONAN. MILAKA HAUR ETA GURASOK SARRIEGIREN MARTXA DANBOR HOTSEZ LAGUNDU ZUTEN «PAUEN, BORDELEN ETA PARISEN ENTZUN GAITZATEN». HEZKUNTZA MINISTERIOAK UKATU DIZKIEN 25 IRAKASLE POSTUEKIN BATERA, HEZKUNTZA EREDU PROPIO BAT ERE ALDARRIKATU ZUTEN. Haritz Larrañaga Baionako Poterne parkeko zelaiak inoiz baino biziago zeuden atzo arratsaldean. Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikastoletako 3.770 haur bertaratu ziren azken asteetan egin dituzten danborrak astindu eta Frantziako Hezkuntza Ministerioari mezu argia igortzeko: «Kasu, ikastolak kexu!». Izan ere, lehen mailan, kolegioan eta lizeoan 230 ikasle gehiago izango diren arren, Hezkuntza Ministerioak ez dizkie dagozkien irakasleak ematen. Martxo hasieran ez zutela irakaslerik izango esan zien errektoretzak, baina apirilean lau postu eskaintzeko prest zegoela adierazi zuten. «Nortaz futitzen dira? 25 lanpostu behar ditugu, ez daitezen 40tik gora ikasle izan geletan, eta elbarritasun bat duten haurrek baldintza duinetan ikas dezaten», azaldu zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Deiadarra Baionan Atzokoan ordea, gustura zen Indo. Danborrada hasi aitzin ere bilduta zen jende kopuru handia ikusita aitortu zuen: «Duda handirik ez genuen, zeren haurrak jostatzeko beti prest baitira». Aitzitik, haurrak bakarrik ez, gurasoak ere gustu handiz parte hartzen ikus zitezkeen. Ikastola bakoitzak bere janzkiak eta leloa zituen. Elastiko zuriak zeramatzaten Urruñako ikastolako haurren leloak «euskara mihian, irria begian» zioen. Baionako lizeoko ikasleak berdez jantzi ziren, Larzabale herrikoak laranjaz eta Ziburuko Larzabal kolegiokoak urdinez, baina guztien aldarria berbera zen: «Brebeta euskaraz». Manifestazio burua ateratzeko prestatzen ari zela joaldunak agertu ziren. Zenbait ikaslek «batukada bat» inprobisatu eta txaranga baten laguntzaz dantza egiten hasi ziren, arduradunek manifestazioa hastear zela-eta beren postuetara joateko agindua eman zieten arte. Ibilbide osoan ez ziren isildu danbor hotsak. Xumai Murua bertsolari eta irakasleak Sarriegiren martxari egokitutako hitzekin kantatu zuten abesti ezaguna. «Deiadar bat bada Baionan, Kasu, kasu, Ikastola kexu! Entzun gaitzakezu, hemen gira kexu, irakasle eskasa bada Seaskan», zioen lehen estrofak. Hurrengo hitzordua Senperen Manifestazio jendetsua, zaratatsua, baina batez ere oso alaia izan zen. Bide ertzetan pilatzen ziren oinezkoen bisaietan irriak marrazten ziren, jendea dendetatik ateratzen zen ikuskizunaz gozatzera, askok sakelakoa atera eta irudiak hartzen zituzten eta garagardoak edaten parkeko bankuei itsatsita egon ohi diren kideek behingoagatik beren ipurdiak altxa zituzten giroa gertutik bizitzeko. Baionako herriko etxearen aitzinean amaitu zen martxa. Indok eskerrak eman zizkien poliziaren arabera bertaratu ziren 5.800 lagunei eta Paristik entzuteko moduko burrunba egiteko eskatu zien ikasleei. Hauek, gogotsu obeditu zuten eta itzelezko zalaparta batek txiki geratu zen plaza inarrosi zuen. Alaitz, Argitxu eta Haizea hirukoteak abestu zuen jarraian, eta haien atzetik, «irakasgelak askatu» oihukatzen zuen ikasle bikote batek hartu zuen mikrofonoa. Ikasleen ostean, irakasleen txanda izan zen eta Mirentxuk, ohartarazpen bat egin zuen: «Erne, danborraren ondotik segi deiadarra jotzen». Koldo Tellitu Euskal Herriko ikastolen lehendakariak ostera hezkuntza eredu propioa aldarrikatu zuen: «Ez dugu nahi urterik urte horrela ibili behar izatea, hezkuntza sistema propio bat lortu behar dugu Euskal Herri osoarentzat». Ekitaldia amaituta, antolatzaileak kontent ziren. Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren iritziz, «jendeak bikain erantzun du eta Parisek mugitu beharko du». «Gaur hasten dugun lasterketa Herri Urratsen amaitu nahi genuke, baina baldintza da behar ditugun irakasleak lortzea, eta horrela ez bada, maratoi bat egiteko ere prest gaude», abisatu zuen Gorostiagak. Poliziaren arabera 5.880 lagun bildu ziren Baionan. Horien artean, 3.770 danbor jotzaile, Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasleak.