18 MAI 2018 Noranahiko eta nahi besteko jai giroa eztanda frenetikoz lehertu da Bergaran Txupinazoak Bitorianatxo gonbidatuko du, Bergarako jaietako bost egunetan herriko jaun eta jabe izan dadin. Mendekoste jaiak, egutegian goiztiar, eguraldiaren kapritxoen menpeko baina herri giroan bero-beroak, ospatuko dira gaurtik hasita. Gazte eta zahar, eme eta ar, gustu partikular oro asetzeko aukerarik ez da faltako, norberak egiten dituen ametsak beren neurria topatzeko. Bertaratzeko gonbidapena egina dago, inorekin pasatu gabe, ondo pasatzekoa. Mañel LARENA BERGARA Azkenean, hemen da. Badator urteroko hitzorduari leial Mozolotegi baserriko Bitorianatxo xelebrea. Etxafuegoa piztu eta zeruratu ondoren, zerutik jaitsiko da udaletxeraino eta bere sorginkeriak hartuko du Bergarako aginte-makila datozen bost egunotan. Mendekoste jaiak dira, udaberriko jai goiztiarrak. Eta eguraldiaren kapritxoek ekarritako euri edo freskurak ez dute eragotziko jai giro bero-beroko atmosfera sortzea. Txupinazoarekin emango zaie irekiera jaiei, baita jaigune ezberdinetako eskaintzei ere: Matxiategin barraken irekiera izango da, bere frijitu usain, azukre-belaki, kontinente ezberdinetako saltzaile eta autotxokeen eta norien mekanikarekin; txosnagunea ere zabalduko da bere postuekin eta musikarekin, herriarekin egin eta herriarentzako egin den egitarauarekin. Bergaran bezala beste herri guztietan ohikoa denez, lehen eguna gogoz eta gogor hasten da. Lagunarteko afariak, gorputzari (eta poltsikoari) astinaldia, ordu txikietara arteko parranda, eta, nork daki, agian gustuko lagunaz eta gogoko posturan gozatzeko aukera. Gogoa libre eta suelto Elkarteak eta jatetxeak bete-bete eginda egongo direnez, tokirik gabe geratu direnentzat bada Seminarixoko patioan auzolanean Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek prestatutako parrilada merke eta gozo dastatzeko aukera. Edo txosnagunean arrakasta handia duten ogitarteko eta errazioak jateko, sagardo eta garagardo botila fresko batzuekin Deba ibaiaren ondoan afaltzea plazer hutsa baita. Eta gero, gerokoak. Gogoari libre eta suelto adierazten utzi eta gida zaitzala Bergarako jaietako gauak eskainiko dizkizun perletaraino. Musikak hartuko du lekukoa ondoren, gustu eta publiko guztientzat aukeran. Seminarixoko karpan Kili Kili Punk taldeak haurrentzako berbena eskainiko du. Herriko plazan, Nomadak bergarar taldeak eta Garilak 26 bizkaitarrek euskal musika emanaldia eskainiko dute, poperoa, “kañeroa”, dantzarako adrenalina bizkortzen duen horietakoa. Txosnagunera gerturatu nahi duenak, berriz, Anita Parker eta Sofa taldeen kontzertua izango dute goizaldeko hirurak arte. Ondoren, Aitor_Mu eta Alvvak hartuko die segida ordu txikietara arte, gaupaseroen argazki tradizionala atera eta Izenbarekuak txarangarekin eguna martxa betean hasi arte. Inorekin pasatu gabe, ederto pasatzeko gaua da gaurkoa. Norberak egiten dituen ametsek beren neurria topatzeko aproposa. Gauari gogoz oratu eta egunari beldur ez dioten gautxoriek goizean goiz jaietara biltzen direnekin topo egiten duten egunetakoa izango da biharkoa. Batzuk ezin erretiratu, edo erretiratu nahi ez, eta besteentzat, jaietako lehen eguna. Bergarako txistulari banda Bolu auzotik, herriko trikitilariak Labegaraietatik eta Elgoibarko dultzaineroak Oxirondo auzotik diana joaz herriko plazan bilduko dira; handik, Mizpirualdeko zaharren egoitzara, herriko jaiak eramateko eta bertan dauden adinduak zoriontasunaren doinuekin hartzeko. Bitartean, bakailaoaren usain gustagarriak hartuko ditu Bergarako bazterrak. Elkarteen arteko lehiaketan, herriko okindegi, edari banatzaile eta harategien laguntzarekin, mokadu goxoa prestatuko dute bertaratzen direnentzat. Erraldoiak eta elkartasuna Bergarako Erraldoien Konpartsak sona handia du. Aurten ere proposamen ederra iragarri dute Berriozarko, Artikako, Ondarroako eta Reusko erraldoiekin batera. Goizeko hamaiketatik aurrera, Erraldoien Gunea paratuko da herriko plazan, handien eta txikitxoen gozagarri. Bertan erraldoiak egiteko tailerra, gomazko erraldoien erakusketa, erraldoiak margotzeko liburuxkak eta abar izango dira, umeentzako puzgarri, krispeta eta xaboi-burbuila erraldoiekin. Arratsaldean egingo dute erraldoi konpartsa guztiek kalejira, aurreko urteetan baino erraldoi gehiagorekin: 36 handi, ertain eta txiki ibiliko dira herriko kaleetan barrena dultzaineroek jarritako martxan. Errekortariek ere leku propioa dute Bergarako jaietan. Bergarako Zezenak ganadutegiak antolatuta, askotariko zezen festa egongo da. Herriko errekortari eskolak dagoeneko hamar urte bete ditu eta erreferentzia bat da Euskal Herrian. Eskola ibiltaria egingo dute goizean eta arratsaldean, errekortari gazteen erakustaldia, publiko gazteak estimu handitan duena, zezen-plaza bete arte. Bihar, bestalde, presoen aldeko eguna izango da. Bergara, zorionez, laurogei urteren ondoren preso politikorik gabeko herria da, baina euskal preso bat dagoen bitartean, jaietara hurbildu ezin dutenak gogoratzea, haien senide eta lagunak babestea, etenik gabeko ekina da. Urtero bezala, txosnagunean prestatu dute elkartasun bazkaria; zuhaitz erraldoien itzalpean makina bat bergarar eta kanpotik etorritako lagun ugari bilduko dira. Presoen ausentzia, beste behin ere, gertuko presentzia bilakatu da herritarren bultzadarekin. Iheslariekin eta borrokan hil diren gudariekin bezalatsu. Kantu artean, konpainia ederrean, bazkalostea aldarte jatorrean luzatuko da. «Bixamona» gorabehera, eutsi! Aurten ere txosnaguneak aniztasuna izango du eta beti bezalako proposamen dinamikoak dakartza. Badu, bestalde, abantaila lehiakor bat, egitarautik kanpokoa; bere kokaleku paregabe ederra, alegia. Esan nahi baita Deba ibaiaren ondoko petriletan jarri eta uraren hots basa eta atsegina adituz txoko benetan ederra dela. Belarra patxadan errez, garagardoak “pixepel” parrandan, Usondo parkean galtzeko aukera... ederto asko ibiltzerik bada, bai. Egia da Bergarako jaietako txosnagunea ez dela udarako jaietako txosnaguneetan ikusten diren elastiko tirantedun eta praka motxetan egoteko lekua. Eguraldia beti da kapritxosoa Euskal Herrian. Eta maiatzak ura dakar, Deba ibaiak hezetasuna eta nork jakin aurtengoan! Baina merezi du ibaiaren uraz, zuhaitz exotikoez, jauregien ondoan... gauaren energia handi bat bertan zurrupatzea. Hortik aurrerakoak norberak eta bere desirek aginduko ditu. Bergarako jaiek giro herrikoi eta euskalduna bermatzen dute, gustu partikularrena asetzeko aukera. “Bixamona” gorabehera, eutsi festari. Ondo pasau jaixak! ZIZTU BIZIAN San Martzialgo baserri-bide estuetatik behera, ia 100 kilometro orduko abiadan, goitibehera jaitsiera izango da aurten ere, Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren laguntzarekin, herriko Goitibehera Elkarteak antolatuta AUKERAN 20 URTE Aukeran dantza konpainiako koreografo eta zuzendari Edu Muruamendiaraz bergararraren eskutik, konpainiaren azken lana igandean ikusi ahalko da frontoian. ZERBITZU BEREZIa Elgeta, Antzuola, Eibar, Soraluze, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik Bergarara joan-etorria egiteko autobus zerbitzu berezia izango da 5.30era arte. Baita Elorregi, Osintxu, Mekolalde eta Uberako bizilagunentzat ere. AUZOTAXIA Auzotaxi zerbitzu berezia egongo da jaietan Angiozar, Elosua eta herriko erdigunetik urrun dauden baserrietan bizi diren herrikideek parrandaz goza dezaten. TXOSNEN OHOLTZA Txosnagunean gustu partikular oro asetzeko aukera egongo da: Alvva, Anita Parker, Anje Duhalde, Atom Rhumba, Audience, Bad Sound, Dj Aifil, Laket, Liher, Munduan Berbena, Nøgen, Sista Kata, Sofa, Ttipika eta Turtukiña Vj. AI LAKET! Droga-analisien kanpainako bertsoa: «Parranda egitean, dantza zein hitzezko, izan ditzadan zenbait une umorezko, marra txuri, pilula, kalimotxo fresko... Aukerako zaituztet, ez derrigorrezko»