19 MAI 2018 Akordio duina eskatu du Bizkaiko arrain kontserba sektoreak GARA BERMEO ELA, LAB, CCOO eta UGTk mobilizatzera deitu dituzte Bizkaiko arrain-kontserba eta gazituen sektoreko langileak, atzo Bermeon Arrain Azoka eguna zela aprobetxatuz, eta gaur Ondarroan, Antxoa Egunaren baitan. Sindikatuek jakinarazi zuten zortzigarren negoziazio-mahaian enpresaburuek hitzarmena berrestea eta hiru urterako KPI gabeko soldata igoerak proposatu dituztela: 2018 eta 2019an %1,1 eta 2020an %1,2. Gauzak horrela, hitzarmen duina lortu arte borrokan jarraituko dutela adierazi zuten. ELAk soldata igoera nabariak, lan-jardunaldian murrizketak, erreforma kasuetan babesteko neurriak, aplikazio bermeak eta prekaritatea ezabatzeko neurriak lortu nahi ditu. Enpresak hori guztia onartzeko egoeran daude, beren ustez: «Izugarrizko» irabaziak metatzen ari dira, «eta ez dira lan-errentetara bideratzen».