GARA Euskal Herriko egunkaria

Eider Rodriguez, Santos Zunzunegi eta Yolanda Mosquerari, Euskadi sariak

Eider Rodriguezek irabazi du euskarazko Euskadi literatura saria «Bihotz handiegia» lanagatik. Yolanda Mosquerak ilustrazio sailean eskuratu du saria «La pequeña Roke» lanari esker eta Santos Zunzuneguik, gaztelaniazko saiakera alorrean «Bajo el signo de la melancolía» obragatik. Gainerako lau sariak bi aste barru emango dituzte aditzera.


Eider Rodriguezek irabazi du euskarazko Euskadi literatura saria “Bihotz handiegia” (Susa) lanari esker. Yolanda Mosquerak ilustrazio arloko saria eta Santos Zunzuneguik gaztelaniazko saiakerakoa irabazi dituzte, “La pequeña Roque” (Guy de Maupassant) eta “Bajo el signo de la melancolía” lanei esker.

Lakuako Gobernuak atzo jakinarazi zituen aurtengo Euskadi literatura sarien lehen hiru irabazleak Donostian egindako agerraldian. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eman zituzten ezagutzera saridunak.

Agerraldian hiru sarituak ere izan ziren, eta pozik agertu ziren aitorpenagatik. Rodriguezek izenburuetatik eta esloganetatik kanpo geratzen diren pertsonaiak sortu dituela nabarmendu zuen.

«Uste dut istorio bakoitzaren barruan istorio gehiago ere badaudela; badago istorio bat ekintzari lotuagoa, baina beste geruza batzuetan istorio gehiago daude eta agian horiek dira azalekotik pertsonaren barrura, beste dimentsio batera, garamatzatenak. Gure ekintza, keinu edo esan tontoenaren atzean ere badaude beste geruza horiek, ekintza handienaren atzean dago domestikotasun muturreko bat; noiz hartzen diren erabakiak, zergatik… Batzuetan gauza kotidianoak dira, baina inpaktu handikoak izan daitezkeenak, eta beste batzuetan dira bristada bateko irudiak, baina bizitza osoan iraungo dutenak. Kontraste horrek ere erakarri nau», adierazi zion Amalur Artola GARAko kazetariari iazko abenduan eskainitako elkarrizketan.

«Beti izan naiz intuitiboa, baina asko planeatu izan dut nondik abiatu eta nora joan. Liburu honetan, intuizioak gida nazan utzi dut parte handi batean; denen abiapuntua izan da intuizioa, ikusi, gertatu, entzun, irakurri, amestu… dudan zerbait, bueltaka-bueltaka-bueltaka darabildana eta irteera ipuinean aurkitu duena. Ernamuin horiek ere oso era intuitiboan lotu dira istorio txikiagoekin», gaineratu zuen literatura sortzeko prozesuaren harira.

Zupiriak Euskadi Literatura Sarien bi helburuez hitz egin zuen: «Alde batetik, sari hauek gure sortzaileen lana aitortzeko aukera ematen digute; bestetik, lan hori agerikoago egiten laguntzen digute. Sari hauek gure letrek eman duten onena albiste bilakatzeko beste aukera bat ematen digute, egileen lana gizarteari ezagutaraziz, eta, era berean, sortzaileei erakundeen zein gizartearen aitortza helarazten zaie».

Epaimahaiaren balorazioari dagokionez, Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” pertsonaia arrunt eta konplexuen izaera eta horien barne mundua aztertzen duen «narrazio liburu interesgarria» dela nabarmendu zuen.

Sei narraziotan protagonisten alde psikologikoa landu du idazleak pertsonen arteko elkarrekintzetan. «Norbanakoaren frustrazio egoera nabarmendu du, frustrazioaren iturria datekeena egunerokotasunaren gurpilean aurki daitezkeen kasuak maisuki deskribatuz eta iradokiz», azaldu du epaimahaiak.

«Eider Rodriguezek pertsonaia makurrak eraiki ditu modu originalean, gizakiaren makurdura ezkutuaren bila abiatzeko. Argi-ilunekin jolasten du idazleak goi mailako literatura oparituz betiere. Egungo gizakiak bizi dituen kontraesanei eta dudei aurrea hartzen dien liburua», gaineratu zuen.

Eider Rodriguezek (1977, Errenteria), Publizitate eta Zinema ikasketak egin ditu. Editore eta gidoilari lanetan aritua, gaur egun irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Hiru ipuin liburu kaleratu ditu: “Eta handik gutxira gaur” (Susa, 2004), “Haragia” (Susa, 2007) eta “Katu jendea” (Elkar, 2010); Irene Nemirovskyren “Le bal” (Dantzaldia) nobelaren itzultzailea ere bada, eta “Santa Familia” komikiaren gidoilaria izan da. Bere azken lana “Itsasoa da bide bakarra. Joseba Sarrionandia irakurriz” saiakera da.

Euskadi sariari esker 18.000 euro eskuratu ditu, eta beste 4.000 euro jaso litzake, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Asier Serranok, Itxaro Bordak, Jon Kortazarrek, Pello Otxotekok eta Castillo Suarezek osatu dute epaimahaia.

Gainerako lau irabazleak bi aste barru emango dira aditzera: gaztelaniazko literatura, euskarazko saiakera, euskarazko literatura itzulpena eta euskarazko haur eta gazte literatura. Sariak azaroaren 27an banatuko dira, Gasteizko Artium museoan egingo den ekitaldian.

Nabarmentzekoa da Koldo Izagirrek eta Xabi Bordak uko egin diotela aurten itzulpengintza alorrean finalista izateari.