19 NOV. 2018 Pako (II) Jon GARMENDIA Idazlea Ziburun agurraren omenaldia jaso zuenean idatzi nuen lehen atala, eta bigarrena Mallabian jaso duenean idazten dut. Etxean dago Pako, bere sorterri maitean, 18 urte handik kanpo igaro ondoan, azkenean! Irekitako zauri bat ixten ari ote den imajinatzen dut orain, saminaren bidean arrakalak baino ageri ez diren tenorean. Momentu txarretan ere baikor ezagutu dut ordea Pako, izanaz harro, apaltasunez beti, eta aurrera begira, itxaropentsu. Eta ez da samurra izan bidea. Otsailaren 10ean, duela ia 22 urte, Pakoren urtebetetze egunean, bere buruaz beste egin zuen Eugenio anaiak familiako baserrian, Mallabian. Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidea zen eta kartzelara joateari iskin egin zion horrela. Haritz, semeak 5 urte zituen orduan, eta duela gutxi sare sozialetan hausnarketa gogoangarri batzuk idatzi zituen, azken urteotako sufrimenduaz mintzatu nahi duen nahinork buruz ikasi behar lituzkeenak. Nire egiten dut bere «nik ere sufritu dut» erran ordez «zure mina ulertzen dut eta errespetatzen dut» esaldia. Pako ez zen sufrimendu eta minean bizitzen gelditu, lanean jarraitu zuen Euskal Herri librearen ametsa egikaritzeko. Horrek behartu zuen erbestean bizitzera, baina han ere irribarre bat eskaini zion egunerokoari, doluari eta saminari aurre eginaz, lanean jarraituz, itxaropenari eutsi eta borrokari bide emanez, hitz egiteko manerarik onenez, isilean lan eginez. Eta gaur, berarengan ezagutzen dut euskal iheslari politiko bakoitza, minari gaina hartuz eta ametsaren bidean esna jarraituz. Pako bezalako pertsona bakoitza delako askatasuna.