24 NOV. 2018 Areto futbola Aste erabakigarria hasiko dute gaur Osasuna Magnak eta Aspil Vidalek GARA Osasuna Magna eta Aspil-Vidal Ribera Navarra datorren astearteko derbiari begira egongo dira honezkero. Baina bi taldeek lanak dituzte lehenago, gehienbat 2019an Valentzian jokatuko den Espainiako Koparako sailkapena lortu nahi badute –lehenengo zortzi taldeak sailkatzen dira txapelketa honetarako–. Irurtzungoek bidaia zaila dute Torrejon de Ardozera. Gaur goizean bertan entrenatuko da Imanol Arregiren taldea; ondoren, 19.00etatik aurrera (Teledeporte), Jorge Garbajosa pabiloian Movistar Interren aurka jokatzeko. Madrildarrak laugarren postuan daude sailkapenean, eta beste behin Uefa Fursal Champions League txapelketako Final Four-ean sailkatu dira. Irurtzundarrek zortzigarren postua dute eskura momentu honetan –Espainiako Koparako sailkatuta egongo lirateke–, baina orpoz orpo segitzen dio Aspil Vidalek atzetik. Bi talde nafarrek aste erabakigarria dute aurrean. Izan ere, gaurko neurketez eta astearteko derbiaz gain (20.00etan jokatuko dute Anaitasuna pabiloian), datorren abenduaren 1ean Ligako beste neurketak dituzte biek. Osasuna Magnak Bartzelona bisitatuko du (TV3ek emango du) eta Aspil Vidalek Viña Albali Valdepeñas hartuko du Ciudad de Tudelan. Beraz, gaur arratsaldean irabaztea oso garrantzitsua izango da bientzat. Imanol Arregiren taldeak laugarren jardunalditik ez du galdu, eta azken partidan 7-3 irabazi zion Viña Albali Valdepeñasi. Beraz, bolada onari segida eman nahiko dio. Aspil: irabazi eta golik ez jaso Aspil Vidali dagokionez, azken hiru neurketak galdu ostean, 18.30ean Be Soccer UMA Antequera –14. postuan– hartuko du Tuteran. Ferran izan ezik –gihar lesio batengatik–, Jose Lucas Mena Pato entrenatzaileak talde osoa du prest partidarako. Patok oso argi adierazi zuen zein izango den helburua: «Daramagun bolada ikusita, hiru puntuek bakarrik balio digute eta taldeak hori lortzeko mentalizatuta egon behar du. Biharkoa [gaur] hori lortzeko aukera on bat da». Baina ez garaipena bakarrik. Golik ez jasotzea ere izango da beste erronka bat, azken hiru partidetan 16 gol eskuratu baititu Aspilek: «Indartsuak izan behar dugu, eta bihar are gehiago, partida garrantzitsua baita aurkaria distantzia handi batera urruntzeko».