GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Emaitzak dioena baino garaipen garestiagoa

Elezkano II-Rezustak lan asko egin behar izan zuten Victor eta Albisuren aurka lehen puntua eskuratzeko.


ELEZKANO II-REZUSTA 22

VICTOR-ALBISU 12

 

Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxka ireki zuen neurketa irabazteko faborito argiak ziren Danel Elezkano eta Beñat Rezusta, eta 22-12ko emaitza ikusten duenak garaipen erraza izan zela pentsatuko du, baina Aspekoek beren mailarik onena eman behar izan zuten defentsan harrigarri ibili ziren Victor eta Albisuren aurka.

Are gehiago, hasiera bikaina eman zioten partidari Baiko enpresakoek. Jon Ander Albisu pilotakada ederrak jotzen hasi zen eta Victor ere oso serio jokatzen eta errematean asmatzen. Horren ondorioz, 2-5 aurreratu ziren markagailuan errioxarrak txokoan egindako tanto ikusgarri bati esker.

Baina lehen tanto horietan apal antzean jardun zen Danel Elezkano apurka-apurka jokoan sartzen hasi zen, eta aurkarien opariak baliatuz emaitzari buelta eman zioten gorriek azkar. Lehenik 6-5 aurreratu ziren, eta Albisuk ia errebotera bidalitako pilota baten ostean, 10-6ra ireki zuten bien arteko tartea.

«Aste oso txarra pasatu dut. Aurreko astean birus bat izan nuen eta aste honetan ere batere konfiantzarik gabe ibili naiz. Beldur askorekin etorri naiz eta kosta egin zait partidan sartzea», onartu zuen amaieran Elezkanok, kantxan ikusitakoa eta bigarren zatian erakutsi zuen hobekuntza azalduz.

Izan ere, hortik aurrera aldeak ez ziren inoiz lau tantotik beherakoak izan, baina egindako jokaldi bakoitzean lan asko egin behar izan zuten irabazleek. Agian adibide onena 15-10ekoa izan zen: Victorrek eta Albisuk klase guztietako pilotak eraman zituzten txokoan nahiz zabalean, eta azkenean Ataungo atzelariak etsi behar izan zuen zaleen txalo artean.

Hurrengo bi tantoak ere oso antzekoak izan ziren: oso gogorrak, urdinen lanak merezitako txalo zaparradak jaso zituztenak, baina gorrien alde erori zirenak, 16-10ekoa Rezustak maisuki txokoan amaituta eta 17-10ekoa Elezkanok ezker horman. Negozio txarretan sartuta zebiltzan Victor eta Albisu, lan asko egin bai baina tantorik ospatu ezinik, beti menderatuta.

Eta zalantzaren bat baldin bazen, azken txanpan Danel Elezkano izan zen errematean distira berezia izan zuena. Azken lau tantoak segidan eginez –hamaika egindako guztira jokoan eta beste bi sakez– 22-12koa itxi zuten gorriek. «Garaipena oso garrantzitsua da guretzat, eta gainera tanteo oso onarekin irabazi dugu. Hemen ez dakizu inoiz zeren beharra izango duzun eta badaezpada ongi etorriko da», adierazi zuen Beñat Rezustak neurketa amaieran, lan asko egin arren eskuetatik ongi amaitu zuela gaineratuz.

Agirre-Salaverri, bizirik

Promozio Txapelketan, Agirrek eta Salaverrik bizi-bizirik jarraituko dute finalerdietako ligaxkan atzoko aurreneko partidan Ugalde eta Jaunarenari 22-8 irabazita. Lehen jardunaldiko bi galtzaileen arteko dema zen, eta gorriek nagusitasun osoz lortu zuten garaipena. Ugalde-Jaunarenak oso itxura eskasa emanda galdu zuten aurreko astean, 9-22 Peio Etxeberria eta Garmendiaren kontra, eta atzo ere antzeko bidetik joan ziren kontuak.

 

Goranzko joerari eutsi nahi Eibarren

Altuna III-Martija eta Irribarria-Zabaletaren txanda izango da gaur Eibarren. Azken asteetan goranzko joera nabarmena erakutsi dute bi bikoteek. Batez ere Jokin Altuna eta Julen Martija dira final-laurdenetako azken jardunaldietan mirari antzeko bat sinatu dutenak, lauzpabost astean ia aukerarik gabe egotetik txartela lortzeraino igarota. Baina Iker Irribarria eta Jose Javier Zabaleta ere itxura ona emanez jardun dira hainbat neurketatan, nahiz eta gero emaitzaren batzuk agian ez izan horren onak. Etxarrengo atzelariak aurreko astelehenean Tolosan jokatzea erabaki zuen, eta hor ere maila ederra eman zuen. Iazko txapelketan nabarmena izan zen nafarrak finalerdietatik aurrera eman zuen aurrerapausoa, azkenean Joseba Ezkurdiarekin txapela irabazteraino, eta aurten ere pentsatzekoa da antzeko ibilbidea egin nahiko duela. Jaialdia 17.00etan hasiko da eta hirugarren partida Promoziokoa izango da.A.A.