31 MAR. 2019 ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO FINALA IñAKI VIñASPRE TXAPELDUN HALAKO BATEAN; AGIRRE, BIGARREN LEHEN ALDIZ IñAKI VIñASPRE ABETXUKUARRA ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO FINALERA IRITSI ZENETIK HAMABOST URTE JOAN DIRA. ATZO, LIERNI ALTUNAK JARRI ZION ONDO MEREZITA IRABAZI ZUEN TXAPELA, BERTSOZALEZ MUKURU BETETAKO PRINCIPAL ANTZOKIAN. Dernière mise à jour : 31 MAR. 2019 - 00:17h Xabier IZAGA Saio ederra gozatzeko aukera izan zuen atzo Gasteizko Principal Antzokian inoiz baino ugariagoa izan zen publikoak. Bertsolaritza osasuntsu dago Araban eta luzaroan hala segitzeko bizigarria duela, gainera. Hasieratik erakutsi zuen Viñasprek txapela janzteko aukera zuela eta saioan zehar aukera hori handituz joan zitzaion. Badira 15 urte Viñasprek Arabako Bertsolari Txapelketako finala lehen aldiz jokatu zuela. Ordutik, edizio guztietan sailkatu da azken saio horretarako, baita hirutan buruz burukoa jokatu ere. Eta hirugarrena, atzokoa hain zuzen, erabakigarria izan zen. Hasieratik oharrarazi zion «Oihane Gorritxori» hainbeste saioren ondoren, otsoa gutxien espero denean agertzen dela. Manex Agirre ere saio sendo eta eregularra osatu zuen eta gozatzeko moduko buruz buruko ederra eskaini zuten bien artean. Hala erakutsi zuten publikoaren txaloek eta aretotik irtetzean entzundako iruzkinek ere. 612 puntu batu zituen 2019ko Arabako txapeldun berriak. Manex Agirrek, 595,5 punturekin txapeldunorde geratu zenak, bere agurrean garaia zuela esan zion txapeldunari, eta honek arrazoia eman zion bere azken bertsoan, bi euskal preso bertsolariri txapela eskaintzeko baliatu zuena: «Bai, garaia zen ja probatzeko, benetan hau da itzela/ a ze marroia eskeintzearena bakarrik bati txapela/ bertso eskolantzat izan ahal zen, baina uste dut ez dela/ Lierni bisitan lagunkidea, baina gaur dugu bestela/ amarentzako, anaiarentzat, baina ez da horren epela/ uste dut badakitela/ Iñaki ez baita ergela/ Iratxe eta Ekaitz argi dut hau merezi duzuela/ eta etxean nahi zaituztegu soilik behar bezela». Hirugarrena Xabi Igoa aramaioarra izan zen, 409,5 punturekin, ia akatsik egin gabe eta erregulartasun handia erakutsita. Oihane Perea gaur arteko txapeldunak ere saio ona egin zuen, ohi duen bezala alor guztietan ondo jositako bertsoekin, eta hirugarren postua lortu zuen, 399 punturekin. Peru Abarrategi aramaioar gazteak ere saio polita egin eta, 384,5 punturekin, bosgarren postua eskuratu zuen, berak nahi zuen bezala nerbioak menderatuta. Azkenik, urduritasunak baldintzatuta baina perla eta detaile eder batzuk utzita, Aroa Arrizubietak 363 puntu batu zituen. Saioaren hasieran, Perurekin binakako ariketa batean, trabatu egin zen eta bertsoa guztiz erori zitzaion. Publikoaren txalo zaparradaren ostean, ordea, berak ez zuela lur jo erakutsi zuen, Abarrategi «medikuari» esanez, umorez eta adorez, hitz-totela dela. Onetik hobera Esan liteke bai Viñasprek, bai Agirrek gora egin zutela beren lanean, kartzelako benetan ona eskainiz. “Zure familiako ohiturarekin apurtzea erabaki duzu” gaia zutela, Viñasprek Irun eta Hondarribiko alardeen gaineko gatazkarekin lotu zuen, oso fin: «Urte osoa pasatu egun honen esperoan/ markatuta geneukan guk egutegiko geroan/ familia beti izan dut pozik nire ondoan ta zenbat maite ditudan nik ere daukat gogoan/ «Aita abisatu nizun kontua gaur nola doan/ kontuz ibili gaitezen hauek mantentzerakoan/ ohitura batzuk geratu, batzuk behar dira joan/ ta erosoago egongo naiz ni alarde mistoan. Manex Agirrek gai bera familiaren ondarea salduz irudikatu zuen: «Ohitura deitu, ondare deitu aberastasuna, zama…/ baserri baten herentzia da heldu zena niregana/ baina saltzea erabaki dut erabaki dut, ai ama!/ Ekonomiak ematen baitit mantentzeko ere lana/ Inmobiliaria aurrean nago zirrara bizkarrean barna/ berrehun urteko historia da/ orain saltzera noana. Xabi Igoak, balarka, umetan aitak sarri irakurtzen zion ipuina hari kontatu behar zion egoeran, horrela hasi zen: «Bazen behin hasten zen ipuin hura kokatzeko Aramaio ta hala zioen Txanogorritxu zen ume bat zela jaio joaten zela ezti goxoa/ amangana garraio/ baina otsoa etortzen zela ta kasik zuela nahio/ nahiz ta orduan egin zituen hau kontatzen mila saio/ Alzehimerraren ondorioz gaur bukaera ahaztu zaio». Peru Abarrategi, bakarka ere, bere bikotekidea beste batekin muxuka ikusi zuten zurrumurrua entzunda: «Nik odol hotza dudala denek igual esango didate/ ta gertukoek seguru ondo ni ezagutzen banaute.../ Nik be juergatan hartu izan dut ligatzeko nahiko tarte/ zurrumurruak sekula ez dit egin niri inoiz kalte/ Etxera bueltan buelta eman dut ta tabernak itxi arte/ nik beste mingaina sartu ta esango diot «enpate». Aroa Arrizubieta, ariketa berean, araztegi bateko langilea izanda, kexu zen komun zulotik botazen dutenagatik «Tanpoiren bat edo konpresa nik ere bota dut, ejem.../ Hipokrita paperean nola guztiok sarritan gauden/ besteen errua dela esan ta sentitzen naiz ondoen/ baina guk egiten ote dugu natura hontan kalte gehien/ 'Zuen errua da' entzuten da maiz goitik baina dena den/ pentsatu behar da benetako erruduna non dagoen». Lan ederra txapeldunarena, lan ederra guztiena. Arabako bertsolaritzaren osasun ona nabaritu zen atzo Principal Antzokian