01 AVR. 2019 Hostoerorkorrak Jon GARMENDIA Idazlea Konbentzimendua begi ninietan islatu zaizunean erran dizut denok dugula ttipitako zuhaitza buruan, eta haren adar eta hosto artean ibili ginenean, galdu bezala garatu genituela beldurrak. Izu batzuk galtzen genituen bitartean ikara berriak itsatsi zitzaizkigulako barrunbeetan. Zenbat aldiz itzultzen zaren zuhaitz hartara, noiz igo zaren berriro, edo azken urteotan ukitu ote duzun, hor datzala gaurko zure errealitatearen gakoa. Hazi nintzen lurretako ametzak, zumarrak eta otsalizarrak ekarri nahi izan ditut gogora horrela, errekatxo ondoko urkiak, eta baserriko pikondoan gelditu zait pentsamendua, beste zuhaitz hostoerorkor bat, haiengan bezala gugan ezer ez baita betirako, heriotza apika. Mutiko mehar bat ikusi dut adaxkei lotua, lurrera erortzeko beldur lokarri ikusezinekin blokeatua, buruari galdetuz ea han betikotu zitezkeen besteentzat normalak ziren kontuak, mugimendurik errazenak zail ikusten dituenak anormalegia izateko arriskua baitu gizarte honetan. Berriro igo beharko dut.