14 AVR. 2019 EMAKUMEEN LIGA Finalerdietarako bidea egiteko, euskal taldeek desenpatea behar dute A. G. Emakumeen Dia Ligako play offetako aurreneko jardunaldiak ez zuen ezer onik ekarri euskal taldeentzat. Araskik eta IDK Gipuzkoak lan txarrak zeuzkaten Katalunian, eta latz ekin arren, atsedenaldiaren ostean ezin izan zuten Spar Girona eta Cadi La Seurekin, hurrenez hurren. Okerragoa izan zen Gernika Bizkaiaren lana, etxean galdu baitzuen Valentzia Basketen aurka; atsedenaldira 39-30 aurretik iritsi arren, azken minutuetan kale egin eta 69-76 galdu zuen. Bada, datorren asteazkenean desenpatea jokatzeko, gaur nahi eta nahi ez irabazi egin beharko dute. Eguerdiko 12.00etan jokatuko du IDK Gipuzkoak Gasca kiroldegian, eta 20.00etan hasiko da bai RPK Araskiren Mendizorrotzako neurketa eta bai Gernika Bizkaiak Valentzian jokatu beharrekoa. «Handinahi izan behar dugu», esan du partida bezperan Azu Muguruza IDK Gipuzkoako entrenatzaileak. Hiru euskal taldeentzat balio du esaldiak; hala beharko du, denboraldia gaur bertan amaituko ez bada.