13 MAI 2019 Surf Pro Zarautz Cabreiroa 2019: Goi mailako surfa Pauline Ado hendaiarrak hirugarrenez irabazi zuen nesken kategoriako txapela. Vicente Romero kanariarra nagusitu zen mutilen mailan. Denetariko emaitzak bertako surflarien artean. Parte hartze zabala lehiaketan zein kultur ekitaldietan, baina ikusle gutxiago. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA ZARAUTZ Zarautzen egiten den 1.500 puntuko QS txapelketak zapore gazi-gozoa utzi zuen euskal lehiakide eta jarraitzaileen artean. Alde batetik, euskal surflariek emaitza onak lortu zituzten, baina bestetik, bertako lehiakide gehienak lehen txandetan kanporatu zituzten. Olatuei dagokienez ere denetarik izan zen. Txapelketa olatu txikiekin hasi zen, ostegunean itzelezko gorakada jo zuen, baina ostiralean zehar itsaskia indarra galtzen joan zen eta olaturik gabe geratu aitzin, presaka amaitu behar izan zuten aurtengo surf lehiaketa larunbatean. Zarauzko lehiaketak puntu asko ematen ez dituen arren, nolabaiteko izena irabazi du QS zirkuituan lehiatzen diren surflarien artean, eta horren adierazle parte hartze zabala izan zen. Guztira 170 surflarik hartu zuten parte Zarautzen; gehienak europarrak, baina izan ziren beste kontinenteetatik etorritako lehiakide gazteak ere. Neskak gora rankingean Nesken kategorian, Euskal Herriko lehiakideak bikain aritu ziren. Adibide moduan, bosgarren errondako lau txandetan ziren 16 lehiakideetatik 6 euskal herritarrak ziren. Ariane Ochoa eta Leticia Canales bizkaitarrak, Janire Gonzalez Etxabarri eta Nadia Erostarbe gipuzkoarrak, eta Juliette Lacome eta Pauline Ado lapurtarrak. Final-laurdenetan ordea, aipatu lehiakideetatik Leticia Canales eta Pauline Ado bakarrik geratzen ziren, baina biek lortu zuten finalera iristea. Kaleratuen artean zen Nadia Erostarbe, ostera, aurtengo faboritoetako bat zena, zarauztarra emaitza oso onak lortzen ari baita aurtengo denboraldia hasi zenetik. Finala metro erdiko olatu narras eta ahuletan egin zuten. Uhin lerroak binaka etortzen ziren, elkarren arteko tarte oso laburrarekin. Gehienetan bigarren olatuak indar apur bat handiagoa izaten zuen; beraz, aukeraketa egiteko baldintza oso zailak ziren. Gauzak horrela, bi lehiakideek olatuak indar apur bat hartzen zuen unean egin behar zituzten ariketak. Ia finala amaitu arte Canales izan zen buru. Olatu asko hartu zituen, baina gehienetan ezerezean geratzen zen uhina. Ado, ostera, olatu handiagoen zain geratzen zen, baina ez ziren etortzen, eta hala, hendaiarrak tarteko olatuak hartzen hasi zenean asmatu zuen, txanda amaitzear zela garaipena eman zion olatua hartu baitzuen. Pauline Adok 12,53 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin (5,20 + 7,33), eta Leticia Canalesek berriz, 10,60 puntu bildu zituen (5,17 + 5,43). Zarautzen lortutako garaipenari esker 18 postu egin ditu gora Pauline Adok WQS rankingean, eta egun, 16. postuan aurkitzen da. Apur bat beherago, 21. postuan Nadia Erostarbe dago, eta bere atzetik, 22. postuan, Leticia Canales. Vicente Romero nagusi Mutilen kategorian Ruben Vitoria zarauztarra izan zen ongien aritu zen euskal surflaria, final- laurdenetatik aurrera lehian jarraitu zuen bertako lehiakide bakarra izan baitzen. Aritz Aranburu bosgarren errondan kaleratu zuten, eta Oiartzungo Egiguren anaiak (Ethan eta Julen), Andy Criere hendaiarrarekin batera, laugarren errondan kanporatuak izan ziren. Itzelezko olatu batekin hasi zuen Vitoriak finalerdietako txanda, baina gero ez zuen lortu beharrezko zuen bigarren olatu indartsu bat hartzea, eta Maxime Huscenot surflari frantsesa gailendu zen. Adituen arabera, Huscenot zen Zarauzko txapelketan ongien aritu zen lehiakideetako bat; horregatik finalera iritsi zenean ere, ikusle gehienek berak irabaziko zuela uste zuten. Ez zen horrela izan, ordea, ustekabean Vicente Romero kanariarrak irabazi baitzuen. Mutilen finalean ere olatuek ez zuten indar handirik izan, baina bi lehiakideek abiadura apur bat hartzea lortzen zuten bakoitzean bira indartsuak egiten zituzten. Nesken kasuan bezala, goi mailako surfa erakutsi zuten mutilek ere. Romerok 8,5 eta 7,2 puntu jaso zituen bere bi olatu onenekin; beraz, guztira 15,70 puntu lortu zituen. Huscenotek, ostera, 6,77 eta 6,47 puntuko bi olaturekin 13,24 puntu bildu zituen. Hortaz, garaipen garbia lortu zuen surflari kanariarrak. Mutilen kasuan ere Zarautzen lortutako emaitzek QS ranking orokorrean eragina izan zuten. Esate baterako, Vicente Romerok hamabost postu gora egin ditu eta egun 27. postuan dago. Maxime Huscenotek ere hamar postu igo ditu, eta egun, 37. postuan dago. Euskal surflariei dagokienez, berriz, Aritz Aranburu da egun posturik hoberenean dagoena, 25. postuan dago. Ruben Vitoriak hamahiru koska igo ditu eta 49. postuan dago. Zarauzko lehiaketaren ostean, mundu mailan lehian ari diren surflariak Txilera bidean dira, han egingo diren 3.000 puntuko bi txapelketetan parte hartzeko prest. NESKAK INDARTSU Nesken maila orokorrak gora egin du, baita Euskal Herrian ere. Horren adierazle izan zen Zarauzko lehiaketa; bi euskal herritar izan ziren finalean, bilbotar bat eta hendaiar bat.