GARA Euskal Herriko egunkaria
ETE LIGA

Hibaikak eta San Juanek ospatu dituzte jaiak


ETE Ligako traineruek Bilboko IV. Ikurrina jokatu zuten atzo, Bilboko Aste Nagusiko jaietan. Estropadaren ondoren, San Juango “batelerek” sasoiko aurreneko garaipena eskuratu zuten eta, bestetik, Hibaika liderrak beste puntu bat atera zion sailkapen nagusian Zumaiari. Orain, estropada bakarra falta dela, hiru puntuko aldea ateratzen dio “Madalen” traineruak “Telmo Deuna”-ri.

ETE Liga martxan jarri denez geroztik San Juango traineru gazteak gorantz egin du etengabe eta azkenean erdietsi du bere aurreneko garaipena. Lastima bakarra erlojuaren aurkako estropada izan zela atzokoa eta buruz buru nagusitzeak sortzen duen xarmarik ez duela.

Alde estuak

Bestalde, erlojuaren aurkako estropadetan osterantzean baino alde murritzagoak egon ohi dira, eta halaxe izan zen atzo ere.

San Juanek ziabogan denbora onena bazuen ere, oso alde murritza zuen Hibaika, Zumaia eta Deusturekiko. Bigarren itzulia, gainera, luze xamar egin zitzaien batelerei, erreferentziek xaxatuta aurkariek gogor egin baitzuten estropadari nolabait buelta eman nahian.

Bi segundo eta erdiko aldea, ia traineru bete, izan zen San Juanen alde. Nahikoa bestela ere Hibaikarentzat, Zumaiari beste puntu bat atera eta ETE Liga ia erabakita utzi baitzuen.