02 OCT. 2019 «Aita Mari» ezin da itsasora atera, jada 30 tona material prest izan arren GARA PASAIA “Aita Mari” ontziak hemeretzi egun darama Pasaian, Mediterraneora ateratzeko baimenaren zain. Atzo bere zeregina zehaztu zuen: pertsonei laguntzea, joan den udaberrian Greziako irletan egin zuen gisan. Horretarako, prest ditu dagoeneko 30 tona material: botikak, arropa... Pedro Sanchezen Gobernuak hemeretzi egun darama “Aita Mari”-ren eskaerari entzungor eginez. Migranteei laguntzeko moldatutako atunetarako itsasontzia Pasaian dago ekainaz geroztik, Mediterraneora abiatzeko gertu. Atzo zabaldutako mezuan zioenez, udaberriko helburu berarekin itsasoratu nahi dute: jendeari laguntzeko materiala banatzea. Itsasontzia kudeatzen duen GKEa, SMH, neguko arropa eta garbitasunerako materiala eskuratzeko mugitu da azken asteetan. EBko gobernuak, entzungor «EBko gobernuek bizkarra ematen duten bitartean, dozenaka emakume eta gizonek beren denbora baliatzen dute elkartasunerako. Beste euskal elkarte batzuei esker 30 tona material bildu dugu migranteei laguntzeko. Orain Pedro Sanchezek itsasoratzeko baimena ematea soilik falta da», esan zuen SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak. Oroitu zuenez, irailean, 1.286 pertsonak, 40 ontzitan, Turkia eta Grezia arteko itsasartea gurutzatu zuten Kiosera iristeko. Bertan, SMHk mediku talde bat du 2015etik. 342 emakume eta 364 adin txikiko zeuden tartean. Gaur egun, 4.000 pertsonak baino gehiagok bizirauten dute uharteko errefuxiatuen kanpamentuan, Vial-en. Gunea 1.080 lagun hartzeko dago prestatua. Egoera kezkagarria da joan den urtearekin alderatuta, lau aldiz biderkatu direlako errefuxiatuen kopuruak. Iaz hamaika patera ailegatu ziren 382 pertsonarekin. Lesbosen bertan dauden aktibistek jakinarazi zutenez, egoera Kiosen bezain kritikoa da. «Neguaren atarian gaude eta agintari greziarrak gainezka daude –agertu zuen SMHk–. Hala, joan den asteburuan Morian (Lesbos) gertatutako dramaren ondotik Turkiarako deportazioak azkartuko dituztela eta irletan dagoen jendea beste kanpamentu batzuetara eramango dutela iragarri dute». Joan den apirilean “Aita Mari”-k osasun materiala eta arropa banatu zituen Kiosen eta Lesbosen. «Espainiar uretan nabigatzean gatazkak izan genituen merkantzia ontziteriako zuzendaritzarekin. Orduan portu nazionalera itzultzeko eskatu zigun, amarratu genuen azken portuaren jabeari, Portugali, autoritatea ukatuz», oroitu zuen GKEak.