GARA Euskal Herriko egunkaria

Langileekin zuen harremana aurretiaz bukatu zuela defendatu du Artiachek

Artiach enpresako zuzendaritzak sei langile kaleratu zituen ekainean eta kaleratze hauen aurkako epaiketak atzo hasi ziren. Bi langileen kaleratzeak epaitu zituzten eguerditik arratsera arteko saioan, eta LABek adierazi du sententzia aste batzuk barru jakinaraztea espero dela.


Eguerdiko ordu batean hasi eta arratsaldeko zazpiak ingurura arte iraun zuten Artiacheko zuzendaritzak eginiko kaleratzeen aurkako aurreneko bi epaiketek. Bi langile zehatzen salaketak epaitu zituen auzitegiak eta LABek, aurreneko balorazioan GARAri adierazi legez, epaia aste batzuk barru jasotzea espero du.

Sindikatuko ordezkari Tamara Martinek ohartarazi zuen oraindik ez zekitela zein zen abokatuaren ikuspegia eta, beraz, lehenengo uste hauek epaitua izan zen langile baten balorazioaren ondotik atera zituztela.

Langile horrek adierazi duenaren arabera, enpresako zuzendaritza bere errugabetasuna frogatzen saiatu da eta horretarako erabili duen argudioa izan da Lan Ikuskaritzak helarazitako ondorioak jaso aurretik apurtu zuela harremana bi langile horiekin.

Lan Ikuskaritzaren ondorioak ekainean jaso zituzten langileek –hala baieztatu zuten kaleratutako enplegatuek duela astebete idatzitako ohar batean–. Honekin lotuta, aldi baterako laneko enpresak (ABLE) langile batzuen kaleratzeak arrazoitzeko erabili zituen argudioen artean dago uda garaiko postu hutsak aurretiazko erretiroa duten langileek beteko zituztela.

Ondorio argirik gabe

Gogoratu behar da atzoko epaiketan bi langile emakumeren salaketak aztertu zirela, eta gainerako lau emakumeenak 2020an izango direla. Zehazki, urtarrila eta maiatza bitartean egingo dira epaiketak. Kasuak banaka egiten ari dira, langileen lan egoerak ezberdinak zirelako, eta kaleratzeak ere modu ezberdinean egin zirelako.

Martinek adierazi du abokatuarekin hitz egin aurretik ez dutela ondorio garbirik atera nahi. Era berean, jakinarazi du enpresan mobilizatzen jarraitzeko asmoa dutela eta sententzia jaso bezain laster prentsa ohar bat zabaldu edota prentsa agerraldia egingo dutela.

Ekainean sei emakume kaleratu zituen Artiach enpresak, Lan Ikuskaritzak horiei kontratu mugagabea egiteko exijitu ostean. Faktoria honetan dagoen behin-behinekotasun tasa handiari aurre egiteko jo zuen Lan Ikuskaritzara LABek, zazpi langileren egoera salatzeko. Izan ere, sei eta hamazazpi urte artean zeramaten enpresan lanean, aldi baterako laneko enpresa baten bidez, kontratu motz asko eta jarraitutasun handiarekin.

Gainera, lan hitzarmenak dio ezin direla %10 baino gehiago izan ABLE-en bidez eginiko kontratuak. Langa hori erraz gainditzen delakoan da LAB.

Lan Ikuskaritzaren ondorioetan jaso zen kontratu mugagabea behar zutela izan langile horiek. Bakarra bihurtu zuten mugagabe, ordea, eta gainerako seiak lanik gabe utzi. Batzuek erabakia hartu zen egun horretan kontratua indarrean zuten, eta «alferrak» izateagatik kanporatzen zituztela arrazoitu zuen zuzendaritzak.

Beste batzuk, lanera itzultzeko deiaren zain zeuden eta aldi baterako laneko enpresak iragarri zien uda sasoian ez ziela deituko, postu horiek aurre-erretiratuek beteko zituztela-eta.

«Emakume langileak gara, eta ez digute horrek ematen digun duintasuna ezabatuko», adierazi zuten langileek bi epaiketa hauen bezperan eginiko elkarretaratzea iragartzeko testuan. Horregatik erabaki zuten auzitara jotzea. Astelehenean lankide batzuen babesa jaso zuten elkarretaratze batean.