29 OCT. 2019 Europar abertzaletasuna sustatzeko, gerra Afrikan 2018ko Zubikarai saria irabazi zuen Eneko Barberenaren proiektua «Afrikanerrak» eleberrian gorpuztu da: Etorkizun hurbilean Afrika inbadituko du Europar Batasunak eta bertan sortuko den gerran parte hartzeko gazteak zozketa bidez hautatuko dituzte. Nagore BELASTEGI DONOSTIA Etorkizun hurbilean kokatu du Eneko Barberenak bere lehen nobela, “Afrikanerrak” (Elkar). Begirada aurrera zuzendu du, baina ez gehiegi. Ez da zientzia-fikziozko istorio bat, laster egia izan daitekeen fikziozkoa baizik. Afrikan gertatuko litzatekeen gerra bat asmatu du, indiferentziari buruz mintzatzeko. Arrasatear idazleak atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, eleberrian Europar Batasunak Afrika inbaditzen du, eta kontakizunean zehar bi familiaren egunerokotasuna ezagutuko dugu. Bi agertoki daude: Afrikako iparraldea eta Debagoiena eskualdea. Gerra migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz hasiko dute europarrek, eta armadan izena emateko nahikoa gazte ez dagoenez lurraldean, zozketa bidez hornitu beharko da herrialde batzuetan; horien artean dago Euskal Herria. Aitor eta Eider dira protagonistak, Arrasateko liburutegiko langilea lehena, Gasteizko eskola publiko bateko zuzendaria bestea. Pertsonaiok «nahiko antipatikoak» dira idazlearentzat berarentzat, eta erronka moduan hartu du horien zapatetan sartu behar izatea. Beraiek telebistan ikusiko dute gertatzen ari den gerra eta gertu izango dituzte bertara joateko gazteak aukeratzeko herrian egiten diren zozketak. «Nola kudeatzen dute hori guztia? Nola bizi gaitezke gu Mediterraneoan tragedia bat gertatzen ari dela ikusiz?», galdetu zuen. Mediterraneo itsasoko azken urteotako migrazioek eman zioten nobelarako ideia, zehazki baltsa bat Andaluziako turistaz betetako hondartza batera iritsi eta bertan zeudenek migranteei lagundu behar izan zietenekoak. Etorkizun hurbilera bidaiatu duenez, orain ikusten dituen joerak izan ditu kontuan, gauza batzuk aldatuz baina gaurkotasunari sekulako birarik eman gabe. Gerra europar abertzaletasuna sustatzeko tresna gisa erabiltzen da, herrialde batzuetan onarpen maila galtzen ari den Europar Batasunak atxikimenduak lor ditzan. Euskal Herrian konpainia desberdinak daude, eta horien artean Debagoiena Konpainia dago: «Konpainiak blog bat du eta gerra propaganda egiten dute. Konbentzituta daude Europar Batasunak mesede egiten diola Afrikari, mafien kontra borrokatzen delako», esan zuen liburuan “Elorregi” ezizenarekin sinatuta tartekatzen diren testu laburrei buruz. Debagoienean “Afrikanerrak”-en parte bat Debagoienean kokatu izanaren arrazoia sinplea da. «Ondo ezagutzen dudalako. Donostian kokatuz simulazio bat egin nuen, baina bertan ikasi nuen arren ez nintzen ausartu. Debagoieneko izaera ezinbestean agertzen da, baina ez nik bilatu dudalako. Euskal Herriko edozein eskualde izan zitekeen; izan zitekeen Beasain edo Durango», azpimarratu zuen. Eleberri hau Ondarroak banatzen duen Zubikarai sariaren fruitua da, iaz bera izan baitzen irabazlea lehiaketan. Hori dela eta, asteazkenean, Literatur Amuak jaialdiaren baitan aurkeztuko du liburua jendaurrean, Kofradia Zaharrean, 19.00etan. Egun horretan bertan jakinaraziko dute nor den aurtengo eleberri proiektuaren irabazlea, eta hori izango da datorren urtean argitaratuko dena. PORTADA 3D-N Portada hiru dimentsiotan egitea otu zitzaion diseinatzaileari. Hala, betaurreko bereziekin lortu duten efektua ikus daiteke. POETA Barberenak orain arte ipuinak eta poesia idatzi izan ditu eta hau du lehen eleberria. Idazten ari zela olerki batzuk ere osatu zituen, «Afrikanerrak»-en kontrako tonuarekin, «oso alai eta bukolikoak».