GARA Euskal Herriko egunkaria

Berlingotik 30 urtera, hesi berriak nonahi


Munduan barreiatuta dauden harresi guztien batura 40.000 kilometro ingurukoa da. Horixe da Elisabeth Vallet Quebeceko Unibertsitateko politologoak eginiko kalkulua. Baieztatzen duenez, egun, 75 harresi daude «eraikita edo iragarrita», 1989an zeuden 15en aldean. Urte horretako azaroaren 9an Berlingo harresia erori zenean, aro berri baten hasiera ikusi zuten askok, mundu ireki eta kooperatiboago bat ekarriko zuena. Hiru hamarkada geroago, baina, justu kontrakoa gertatzen ari dela dirudi. Arazoei harresiekin, militarizazioarekin eta isolamenduarekin erantzuten ari da mundua. «Gutxi iraun zuen bolada optimistak», dio New Yorkeko International Peace Institute-ko ikertzaile Alexandra Novoseloffek. Haren esanetan, «terrorismoa, migrazioa edo pobrezia bezalako fenomeno globalei aurre egiteko modu absurdo samar baten ondorioz» eraikitzen dira harresiak. «Gobernu populista batek bere alde erraz balia dezakeen soluzio azkar bat dira harresiak», gaineratzen du Valletek. Urteak joan dira, baina gauza asko, bistan da, ez dira gehiegi aldatu.