GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Errealitate birtuala


Ministerio del Interior adiera euskaratu zutenean Barne Arazoetako Ministerio izendatu zuten. Espainolez problema jarri ez arren, arazoa jarri zuten euskaraz.

Arazotzat gauzkate, baina benetako arazoa guk daukagu beraiekin. Espainia deituriko herrien kartzelan gu baikaude preso, ez beraiek. Eta presondegi hori mantentzeko edozer egiteko prest daude, Katalunian ikusi dugun bezala.

Estatu baten izaera bere jatorriak markatzen du. Mundu mailako estatu asko iraultza herritarren bidez sortu dira, baina Espainiaren sorrera beste herri batzuen konkistan oinarrituta dago. Farola tarteko, horixe ospatu zuten Hispanitate Egunean, herri indigenen konkista eta txikizioa. Amerikar herriak Espainiako kartzelatik askatu ziren sikiera, baina guk preso jarraitzen dugu.

Eta, bitartean, Urkulluk hemen dena ondo doala esaten digu. Urteak daramatza Espainiaren benetako aurpegia makillatzen eta errealitate birtual bat elikatzen. Eta atentzioa desbideratzeko EH Bilduri behin eta berriz eskatzen dio hiltzea gaizki egon zela aitor dezala.

Josu Jon Imazek, EAJko buruzagitzatik Petronorrera joan aurretik, honela zioen 36ko gudariez: «‘Eusko Gudariak’ kantuaren bertsoa entzuten dudan bakoitzean, zuek zaituztet buruan. Euskadiren alde prest odola, prest bizitza. Zeuen bizitza emateko. Sekula ere ez inori bizitza kentzeko. Zuek bake-jendea zineten». Intxortako frontean borroka egin zutenek ez omen zuten inor hil. Errealitate birtuala.

Urkullu jauna, ez orduko gudariek, ezta ondorengoek ere, ez dizute esango hiltzea ondo dagoenik. Zuek ere ez duzue inoiz esango torturatzea ondo dagoenik. Baina batzuek egindakoa onartu eta eragindako mina aitortu duten bitartean, zuek oraindik ez duzue aitortzarik egin. Eta hau ez da errealitate birtuala, Ertzaintzaren eskutik tortura sufritu zuen honek esaten dizu.