GARA Euskal Herriko egunkaria

Anjel Lertxundi Miami Book Fair azokan izango da


Miami Dade College unibertsitateak antolatzen duen Miamiko Book Fair liburu azoka izango da gaurtik azaroaren 24ra arte eta, urtero bezala, euskal literaturak izango du ordezkaritzarik. Aurtengo edizioan, Anjel Lertxundi idazle oriotarra izango da bertan, eta bi ekintzatan hartuko du parte.

Lertxundi bi solasalditan izango da, azaroaren 23an. Lehenengoan, “Protagonistas en epocas difíciles” izenburukoan, Wendy Guerrarekin eta Inma Lopez Silvarekin partekatuko du hitza, eta bakoitzak bere lan bat aurkeztuko du. Lertxundik 2015ean argitaratutako “Zu” eleberria eramango du, gaztelerara “Tú” izenez itzulia, Guerrak “Historia de un mercenario que coleccionaba obras de arte” aurkeztuko du, eta Lopez Silvak, berriz, “Los días iguales de cuando fuimos malas” lana.

Horrez gain, Cuatrogatos fundazioak egun horretarako antolatu duen IV. Haurrentzako Literatura eta Irakurketa Mintegiko mahai-inguruetako batean hartuko du parte Orioko idazleak.