19 NOV. 2019 PILOTA Une on bat baino gehiago Hirugarren txapela lortu eta biharamunean, Ezkurdiak finaleko une guztiez gozatu zuela nabarmendu du. Jon ORMAZABAL Biharamunak ez dira gozoak izan ohi, baina igandeko gaua gehitxo luzatu bazitzaion ere –Arbizu bezalako herri txikietan ere izaten da festa luzatzeko txokorik– halakoxea izan zen Joseba Ezkurdiaren esnatzea. Binakakoaren eta iazkoaren ondoan amaren etxean geratuko den aurtengo Lau eta Erdiko txapela eskuan agertu zen komunikabideekin zuen hitzordura, puntual, eta ahotik irribarrea kendu ezinda, gorputzean nekea nagusi zuen arren. Finalak irabazteari neurria hartu balio bezala, jokatutako hiruretan txapela janztea lortu du arbizuarrak eta, oraingoz behintzat, ez da ausartzen hiru garaikurren artean bat besteak baino bereziagoa izan den esaten. Denak gozatu omen ditu eta azkenaren inguruan zerbait nabarmentzearren, iaz ez bezala, sasoi puntuan heldu zen Jokin Altuna bati irabazi izana azpimarratu zuen. «Iaz askok esaten zuten Jokin ez zegoela ongi. Aurten banekien finalera ondo heldu zela, txapelketa oso ona egin du, finalerdietan erakustaldi handia emanez, beldurgarri agertzen zen, baina nik uste dut taktikoki ondo jokatu niola», azaldu zuen. Ildo horretan, finalaren atarian ere esana zuen bere buruari erakutsi nahi ziola iazkoa ez zela kasualitatea izan eta, igandekoaren ostean, inor gutxik jar dezake bere balioa ezbaian. «Erakutsi nahi nuen iazkoa ez zela une horretan jokoz ondo harrapatu ninduelako irabazitakoa. Nik uste, gainera, finalean sartu naizen moduan sartzeak, bi partida oso gogorrekin, atzetik ibilita, buelta eman izanak, finalerdian Jaka nola gerturatu zitzaidan ikusita... horrek guztiak asko indartu nauela. Neure buruarekin, nire jokoarekin konfiantza asko ari naiz garatzen eta hori da garrantzitsuena», aipatu zuen. Presiorik ez Finalaren atarikoetan Jokin Altunak jaso zituen komentario gehien, dirua ere nabarmen irten zen, doblean, amezketarraren alde, baina Joseba Ezkurdia izan da, segur aski, Joseba Ezkurdiaren aukeretan gehien sinistu duena. «Lasai nengoen, momentu bakoitza aprobetxatu nahi nuen, entrenamendu bakoitza, elkarrizketak... unean unekoa bizi nahi nuen. Lasai nengoen finalerako, banekien ondo helduko nintzela, partida gogor baterako prest nengoen eta, zorionez, dena ondo irten zen». Katedraren babesa ez izateak ez omen zuen batere kezkatu; denborarekin halakoei garrantzirik ez ematen ikasi omen du eta finalaren aurreko egunetan itzalpean egoteak berari mesede egin baino Jokin Altunari kalte egin diola uste du. «Final amaieran lur jota ikusi nuen. Jende askok txapela bere buruan jartzen zuen, faborito garbia zen eta nik uste dut horrek pisatu egin diola, bere burua ondo ikusten zuen eta horrek min egin dio», aipatu zuen arbizuarrak. Pena apur bat ere sentitu zuen laguna horren goibel ikusita. «Gaztea da, 23 urte ditu, bost final jokatu ditu, lau eta erdiko lau segidan eta sekulako pilotaria da. Eredu da pilotari askorentzat, langile amorratua, asko entrenatzen du eta etorriko zaizkio txapelak, asko etorriko zaizkio», esan zuen. Ostiralean elkarren aurka jokatuko dute berriz, Binakakoan Azkoitian, Martija eta Ladis Galarza atzean dituztela. Eta larunbatean berriz buelta Nafarroa Arenara, Berri Txarrak-en azken kontzertuaz gozatzera. Aimar-Urrutikoetxea, Baikoren apustua Ezustekoak izango ditu gaur goizean Bilboko Bizkaia pilotalekuan aurkeztuko duten Binakako Txapelketak. GARAk jakin ahal izan duenez, horien artean, Baikok Asperen azken urteotako nagusitasunari aurre egin ahal izateko egingo duen apustua, 2016an txapeldun irten zen Aimar Olaizola-Mikel Urrutikoetxea bikotea errepikatuz. Lesio batetik irten berritan Zaratamokoak atzelari bezala jokatuko du eta, gauzak horrela, Andoni Aretxabaleta izango da txapelketatik at geratuko den atzelaria. Konfirmazio ofizialaren faltan, Laso-Albisu, Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena eta Artola-Imaz izango lirateke Bilboko enpresaren bikoteak. Aspen, aldiz, egungo Binakako txapeldun Danel Elezkanoren hutsa litzateke nobedade handiena. Erik Jakak hartuko luke horren lekua eta bikoteak honakoak lirateke; Jaka-Zabaleta, Irribarria-Rezusta, Altuna-Ladis Galarza eta Ezkurdia-Martija. J.O.