20 DéC. 2019 Asteburuko baimenaz, Altsasura itzuliko dira gaur Abad eta Urrizola GARA IRUÑEA Hirugarren graduan sailkatuak izan ostean, Altsasuko auziko zazpi espetxeratuetako bik kalea zapaldu ahal izango dute gaur bertan. Iñaki Abad eta Aratz Urrizola dira; zazpi zigor larri horien artean txikiena dutenak, alegia (lau urte eta bi hilabete batak, hiru urte eta erdi besteak). Zaballako ateak irekiko zaizkie goizean, asteburua kanpoan pasatu ahal izateko, baina astelehenean itzuli beharko dute espetxera. Hirugarren gradu hori zehazki nola gauzatuko den jakiterik ez dago oraindik. Oraingoz, asteburuko baimen hau jaso dute gazteek. Ohiko prozedurari bide emango balitzaio, aurrerantzean kartzelara lo egitera joan beharko lukete. Sailkapen berri hau jarritako zigor osoaren bete beharreko epea bete ondoren gertatu da. Altsasuko Gurasoek nabarmendu dutenez, «kartzelako ohiko legearen» ondorioa da beraz. «Ezin dugu ukatu egoera berri honek poza eragiten ez digunik; hobe esanda, oinazea arintzen duenik. Baina gauden egoeran jarraitzen dugun bitartean, bidegabekeria gero eta handiagoa da», aipatu dute. Hirugarren gradua bere osotasunean aplikatuko denean ere, bi gazte hauek ez direla askatasun egoeran egongo erantsi dute gurasoek, barruan lo egin beharko dutelako. Eta gainerako bosten egoera ez dute albo batera uzten; «beren sailkapen penala zein den ere ez dakigu», adierazi dute oharrean. Zazpi urte eta erdi eta bederatzi eta erdi urtera arteko zigorrak jaso zituzten Oihan Arnanzek, Jokin Unamunok, Adur Ramirez de Aldak, Jon Ander Cobek eta Julen Goikoetxeak.