23 DéC. 2019 Surf Italo Ferreira brasildarrak irabazi du 2019ko munduko WSL titulua Hegoamerikarra da munduko txapeldun berria, Gabriel Medina herrikidea garaitu ostean. Kelly Slaterrek Triple Crown itzulia irabazi du. Haritz LARRAÑAGA Suspensea azken unera arte luzatu zen 2019ko mutilen munduko CT itzulian. Itzuliko azken txapelketa arte, txapelketako azken txanda arte. Eta azken txanda amaitu ostean ere inork ez zekien 2019ko WSL munduko titulua norentzat izango zen. Txapelketa egiteko itxaronaldi epea ere, ozta-ozta errespetatu zuten antolatzaileek, azken txanda denak itxaronaldi epea amaitzen zen egun berean egin baitziren. Azkenean, Italo Ferreira izan zen irabazle nagusia, eta, galtzailea, Gabriel Medina. Denbora tarte laburrean gauza asko gertatu ziren: Ferreirak azkar egin zuen gora, eta, Medina, berriz, bat-batean erori zen. Haleiwa, Sunset eta Pipelineko txapelketak barne biltzen dituen Triple Crown itzuli ospetsua, bestalde, Kelly Slaterrek irabazi zuen hirugarren aldiz. Floridakoak, finalera iritsi ez bazen ere, sekulako ikuskizuna eskaini zuen. Ferreira vs Medina Berrogei minutuko finala hasi bezain laster iritsi zen lehen olatua, eta berau hartzeko bi lehiakideek orpoz orpo egin zuten arraun. Ia elkar ukituz. Medinak ezkerrera jo nahi zuen, eta, Ferreirak, arerioari bidea ixteko, eskuinera jo zuen. Azkenean, Ferreirak hartu zuen lehen olatua eta 7,83 puntu bildu zituen, bizkarka egindako tubo bati esker. Ferreiraren eskuin olatuaren ostean, Medinak zuen lehentasuna, beraz, Ferreirak Medinak nahi ez zuen olatuak hartzen zituen. Lau minutu pasa zirenean, ezker olatu txukun bat hartu zuen Ferreirak, eta, tubo polit baten ostean, aireko bat egin zuen. Ez zen itzelezko olatua, baina puntu batzuk gehiago bildu ahal izan zituen. Jarraian, Medinak lehen olatua hartu eta 7,77 puntu jaso zituen tubo borobila eginez. Hurrengo 15 minutuetan Ferreira aurretik zihoan, baina alde txikiagatik ari zen irabazten, eta, oraindik denbora sobera geratzen zenez, edozer gerta zitekeen. Ordea, txanda amaitzeko zortzi minutu falta zirenean, Ferreirak ezker olatu batean tubo luze bat egin eta 7,73 puntu lortu zituen. Txapela lortzea gero eta zailagoa ari zen bilakatzen Medinarentzat, izan ere, 7,8 puntu behar zituen arerioa garaitzeko. Baina ez zuen aurkitzen bilatzen ari zen olatua, hau da, behar adinako puntuazioa lortzen lagunduko zion olatua. Horrela pasatu zen denbora. Uhin lerro gehienak alderik alde lehertzen ziren, ihesbiderik eskaini gabe, eta surflariek ez zuten lortzen tubotik ateratzea. Medina, etsi-etsian, ezineko ariketak egiten saiatzen hasi zen, eta, Ferreirak, berriz, besoekin keinuak egiten zituen, amaitzeko zenbat denbora falta zen galdetuz urduri epaileei. Segundoak harrizko bilakatu ziren, edozer gerta zitekeen, eta, halako batean, amaiera iragartzen zuen klaxon hotsak jo zuen. Finala amaitu zenean, Ferreirak 15,56 puntu zituen (7,83 + 7,73) eta Medinak, ostera, 12,94 puntu (7,77 + 5,17). Ondorioz, Ferreirak Pipelineko txapelketa irabaztearekin batera, 2019ko munduko titulua ere irabazi zuen. Ferreirak bere lehen titulu eskuratu zuen. Iaz, Medina izan zen Pipelinen irabaztearekin batera bigarren aldiz munduko WSL titulua eskuratu zuena (lehena 2014an). Bi brasildarrek badituzte antzekotasunak. Biak dira goofy edo ezker surflariak, eta biek antzeko adina dute; Ferreirak 25 urte ditu eta Medinak atzo egin zituen 26 urte. Slaterren Koroa Hirukoitza Pipeline ongien ezagutzen duen surflarietako bat da Kelly Slater, eta Floridakoak ederki frogatu zuen olatuak handiagoak izan ziren lehen egunetan munduko olatu zailenetako bat mendean hartzeko duen maisutasuna. Azken egunean, ordea, olatuen tamainak behera egin zuen, eta, baldintza errazagoekin, beste lehiakideek aukera gehiago izan zituzten. Final laurdenetan kaleratu zuen Ferreirak Slater, baina, hala ere, hirugarren aldiz Koroa Hirukoitza irabaztea lortu zuen 11 bider munduko txapeldun izandakoak. Horrez gain, hirugarren txandan Slaterrek egin zuen hamarreko tuboa historiara pasako da. Medinaren interferentzia Surf lehiaketetan, interferentzia bat egiten duen lehiakideari, soilik olatu hoberena hartzen zaio kontuan, hau da, ez dira bi olatu hoberenak puntuatzen. Hirugarren txanda amaitzeko bi minutu falta zirenean Gabriel Medinaren garaipena ia ziurra zen, izan ere, bere olatu hoberenarekin bakarrik, Caio Ibelik, bere arerioak, bi olatu onenekin baino puntu gehiago zituen Medinak. Ordea, gerta zitekeen Ibelik azken segundoetan olatu on bat hartu eta irabaztea. Une batean, Medinaren aita txistuka hasi zen, eta Medinak “OK” keinu batekin erantzun zion. Orduan, Ibelik olatu bat hartu eta Medinak olatua ebatsi zion, interferentzia garbia eginez. Mundu guztiak eskuak burura eraman zituen. WSK-ko esatariak «surf lehiaketen historiako akatsik handiena izan da» oihukatu zuen. Baina Medina lasai zegoen. Bere arerioak olatu on bat egitea ekidin zuen, eta, olatu bakar batekin, txanda pasatzea lortu zuen. Berak eta bere aitak bakarrik zekiten hori, gainontzeko guztiek, denbora bat behar izan zuten Medinak interferentzia nahita egin zuela ulertzeko. Estrategia mugimendu magistrala izan zen. PIPELINE Txapelketako lehen egunetan hiru metroko olatu ederrak izan ziren, baina azken egunean olatuen tamainak behera egin eta baldintzak eskastu egin ziren. KELY SLATER