09 FéV. 2020 SUPERKOPA Eibartarrakekin Superkopa eskuratzetik Realari lehen pausoetan laguntzera A.U.L. «Izan zirelako gara, garelako izango dira», dio esaldi ezagunak. Eta «izan ziren» horien artean badaude Reala lehiatzen ari den Supekoparen aitzindariak. Euskal futbolak behin eskuratu zuen txapelketa, Eibartarrak taldeak irabazitakoa. Eta garaikurra altxatu zutenen artean badago urte batzuk geroago Realaren hastapenetan aritu zen jokalari bat, Evelyn Santos, hain zuzen. Garaipen haren 20. urteurrena ospatu berri da, Eibarrek antolatutako erakustaldi eta oroimenezko lagunarteko batekin. Santosek ezin izan zuen Ipuruan izandako omenaldian parte hartu: «Aurretik bidaia bat antolatuta nuen eta sekulako pena eman zidan. Lagunek argazki mordoa bidali zidaten eta benetan gauza polita izan zen». Lagunak, eta ez taldekide ohiak, hori izan baitzen, hain justu, talde haren arma indartsuenetako bat. «Oso jokalari onak zeuden taldean. Eta gogor lan egiten genuen, beti ere garai hartako baldintzetan. Baina hori guztia borobiltzen zuena adiskidetasuna zen. Lagun kuadrilla bat ginen eta lagunen artean izaten den elkartasunak... izugarri lagundu zigun». Beste garai bateko futbola zen. «Madrilera finala jokatzera joan ginenean ilusioa egiten zigun kaleko arropa ere taldekoa- edo edukitzea. Eta ez geneukanez, aprobetxatuz Maider Castillo IVEF ikasten ari zela eta ikasketa bidaiarako sudaderak saldu behar zituela, denok erosi genituen eta hara joan ginen, gure sudadera horiekin». Ordutik asko aldatu da futbola. Santos horren lekuko zuzena izan da, Eibartarrak utzi eta Realean zortzi denboraldi eta Oiartzunen bost eman baitzituen. Realaren historiako aurreneko hamaikakoan egon zen –«sekulako ilusioz. Prozesu osoa emozionatuta eta urduri bizi izan nuen eta lortu nuenean...»–. Zuri-urdinekin Lehen Mailara igo zen –gero Oiartzunekin ere lortu zuen hori bera– eta aldaketa nabaritu zuen arren, «oraindik ere baldintzak ez ziren gaur egungoak. Askotan pentsatzen dugu, ‘hamar urte beranduago jaio izan bagina...’. Baina horrela tokatu zitzaigun eta gustatzen zait pentsatzea guk egindakoak gaur egungoei lagundu diela, eurek egindakoak hurrengoei lagunduko dien bezala». Granadan egon zen, baina gaur ezin izango du finala ikusi, Eibartarrak-eko beteranoekin partida baitauka. Hori amaitutakoan, handik irten eta badaki zer berri entzun nahi duen. «Oso partida zaila da, baina zergatik ez? Irabazle bakarrak izatearen ‘ohorea’ kendu behar badigute, Reala izan dadila!».