10 MAR. 2020 Irudiak Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Sortze beretik eta, diotenez, sortu aurretik ere, amaigabeko estimuluak jasotzen ditugu. Soinuak, laztanak, dastamena, irudiak. Gure burmuina horiek guztiak biltzen joaten da, norberaren biltegi erraldoia osatuz. Horiekin oroimena antolatuko da, ametsak hortik elikatuko dira, besteekiko harremanak bideratzeko baliabide ezinbestekoa. Bizitzan barrena pilatuko diren estimuluak, modu batera edo bestera, antolatuko ditu burmuinak, bizitzari berari aurre egiteko. Misterio kitzikagarria izango da horien antolaketa eredua. Bakoitzaren izaeraren eraikitzaile. Ama kantari ari zaio altzoan duen haurrari. Doinua, amaren arnasa, begirada, irudiak, haize leun gisa haurraren baitan irristatzen joango dira, lekua hartzen; eta bizitza osorako geldituko dira bertan. Aita istorio bat ari zaio kontatzen haur jostalariari. Ahotsaren gorabeherak, erritmoak, istorioaren irudi etereoak, istorio berrien osagarriak bihurtuko dira etorkizuneko haurraren ahotsean. Kontalaria, agian, kondaira epikoa ari zaie azaltzen bildutakoei; helduak denak. Entzule bakoitzaren barnean bizitzan pilatutako irudiak, doinuak, sentsazioak antolatzen ariko dira, narratzailearen errelatoa bere eginez. Beharbada, bati, ama kantariaren ahotsa etorriko zaio ezustean gogora. Beste bati, aitak keinuekin eraikitzen zituen munduak. Kontalariak berak, oroimenen kutxatik narrazioaren lurralde harrigarriak ekarriko ditu. Bizitza oroimenean gordetako irudiekin osatzen dugu. Azken irudia, ordea, oroimenik gabea izango da. Baldin eta norbaitek kontatzen ez badu.