21 JUIN 2020 Entrevue GARBIÑE ARANBURU LAB-EKO IDAZKARI NAGUSIA «Zerga erreformari heldu ezean, diru gutxiago egongo da behar sozialetarako» Garbiñe Aranburu (Legorreta, 1973) LABeko idazkari nagusia da, 2017ko maiatzetik. Aurretik, Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkaria izan zen. Langileentzako une zailotan, uste du ezin dela ezer egintzat eman eta sistema ekosozialista eta ekofeminista baterantz urratsak eman behar direla. Ane URKIRI ANSOLA DONOSTIA «Egoera kezkatzekoa da, eta ezinegona sortzen duten garaiak dira honakoak, aurreko krisialdia datorkigulako gogora», nabarmendu du Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak egungo egoeraren diagnostikoa egiterakoan. Ondorio guztiak langileen bizkar geratzen ari direla uste du. Zerbitzu publikoak indartzea, pribatizatu direnak publifikatzea eta zerga erreformari heltzea planteatzen du. Zer egin behar da krisi hau ere langileek ordain ez dezaten? Uste dugu orain ezin dela gidoi hori errepikatu, badaudelako elementu berri eta desberdinak aurreko krisiarekin alderatuz. Horregatik, aukera garai bat dela pentsatzen dugu, bi arrazoi nagusigatik. Lehena da gero eta langile gehiagok ikusten dutela sistema kapitalista ezin dela berreraiki eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde egin behar dela. Bigarrena, sistemak gero eta zailtasun gehiagorekin topo egiten duela; planetaren mugak hor daude eta zailagoa da gainprodukzioan eta ekonomia globalizatuan oinarritutako egungo ereduari eustea. Horrek eramaten gaitu egungoak aukerez beteriko uneak direla esatera, baina oso kontziente izanik aukerok benetan gauza daitezen lantokietako borroka sindikalak ugaritu behar direla, kaleko mobilizazio soziala indartu behar dela eta instituzio publikoetan politika publikoak aldatzeko borroka egin behar dela. Behin-behineko eta azpikontratatutako lanpostu ugari galdu dira. Beharrezkoa da enpleguari eusteko plan integral bati buruz hitz egitea, eta, horretarako, proposamenak luzatu dizkiegu Hegoaldeko bi patronalei, Confebaski eta CENi, baita Gasteizko eta Iruñeko gobernuei ere. Iruditzen zaigu beharrezkoa dela ematen den dualizazio horretan mugak jartzea, beste lan harreman eredu bat eraikitzea. Bi lan erreformak, baina batez ere kaleratzeak erraztu zituen 2012koa, bertan behera utzi behar dira. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu Madrilen EH Bilduk PSOE eta Podemosekin lorturiko akordioa, baina bete egin behar da. Enpleguari eusteko urrats garrantzitsua izango litzateke. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente askok iraungitze data izango dute. Aldi baterako erregulazioetako soldatak osatzeko akordioa oso motz geratzen da. Batetik, langile guztientzat ez delako izango ezarri diren baldintzengatik, eta, bestetik, eta garrantzitsuena dena, enplegu suntsiketari mugarik ezartzen ez zaiolako; hau da, ez du bermatzen erregulazio horiek enplegua erregulatzeko espediente edo kaleratze bilakatuko ez direnik. Gainera, ez dugu konpartitzen nola finantzatuko den, soilik diru publikoarekin. Patronalak ez du ezer jarriko. Ez da kasualitatea egungo baldintzak luzatzeko indar gehiena CEOE patronalak egitea, lan espedienteak onartuta dauden bezala, onuragarri suertatzen ari zaizkielako. Enplegua erregulatzeko espedienteak aplikatzea neurri ona iruditu zitzaizuen? Neurriak badu elementu positibo bat: langabezia ez dute agortzen langileak. Hori bai, diru publikoaren kontu aplikatu dira eta patronalari oso merke atera zaio; pentsatzen dugu patronalari gehiago eskatu ahal zitzaiola. Lanpostu suntsiketa geldiarazi du hasiera batean neurriak, baina egia da langileei sakrifizio bat suposatzen diela, ez baitakite enplegua bermatuko zaien. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka areagotu da, kapitala babestu dutelako. Zaharren egoitzak ere jomugan jarri ditu krisi honek. Agerian geratu da zaintzaren arloak behar bezala konpondu gabeko auzia izaten jarraitzen duela; egoitzek ez dute jaso behar besteko aitortzarik, ez dira behar bezala berrantolatu. Are, zaintza lanak merkantilizatu egin dira. Balkoietara irten gara oinarrizko zerbitzuetako langileak txalotzera. Txaloak oso ondo daude, baina txalo horietatik langileen lan baldintzak duintzeko borrokara pasatu behar dugu. Sektore publiko indartsu bat behar dugu; pribatizatutako hainbat zerbitzu, tartean adinekoen egoitzak, publifikatzeko plan bat behar da. Baita horren guztiaren antolaketa ez egitea ikuspegi merkantilista batetik; hau da, erabiltzaileen eta zerbitzuaren beharrak kontuan hartzea. Datozen hilabeteetako borroka nagusietako bat izango da. Lakuako Gobernutik langile publikoei esfortzu bat egiteko eskatu zitzaien. Dirua egon badago zerbitzu publikoak sendotzeko? Zorpetze bat eman da administrazio publikoan, eta, zorpetze horren ondorioa murrizketa gehiago ezartzea izan ez dadin, ezinbestekoa da diru gehiago biltzea eta diru hori sistema aldatzeko erabiltzea. Ezinbestean, behar sozialetarako diru gutxiago egongo da zerga erreformari heldu ezean. Europarekin alderatuta, presio fiskal txikiagoa daukagu; Hego Euskal Herrian %30aren bueltan dabil presio fiskala, Europako batez bestekoa %39 ingurukoa denean. Ikusten dugu tarte izugarria dagoela zerga politiken bidetik diru gehiago biltzeko eta behar sozialetara bideratzeko. Lau neurri zehatz planteatu ditugu. Lehenengoa, aberastasunaren gaineko zerga berri bat sortzea; gaur egun %1ekoa bakarrik da. Bigarren neurria da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aldatzea, ekitatiboagoa izateko. Egun laneko errentek ordaintzen dute gehien eta ikusten dugu kapital errentei tasa handiagoa aplikatu ahal zaiela. Hirugarrena da sozietateen gaineko zergan azken urteetan izandako murrizketak atzera botatzea eta kenkari sistema bertan behera uztea. Laugarrena, iruzur fiskala kontrolatzeko neurri eraginkorrak ezartzea. Europar Batasunetik zer neurri etorriko dira? Orain arteko zantzuek esaten digutena da 2008ko bidearen oso antzekoa izango dela, austeritatearen bide horretatik jarraitzeko aukera hor dagoela. Europar Batasunaren politika ikusita nekez aurreikus dezakegu politika neoliberaletan sakontzea ez den ezer, nahiz eta beste modu batera formulatuta etorri. Letra txikia ondo irakurri beharko da, Troikaren politikak egotea oso posible delako. Defizit arauak indargabetu ditu Europar Batasunak eta prest agertu da 700.000 milioi euroko plan bat bideratzeko. Ez dakit horrek albo kalte are okerragoak ekarriko ez dituen... Badaude ahots batzuk esaten dutenak berriro ere espainiar Estatuak erreskate bat biziko duela, nahiz eta agian beste izen bat jarri. Alarma egoeran zehar ikusi da zer hauskorra den egungo gure marko juridiko-politikoa. Krisi honetatik ere, Estatu propio bat izatearen garrantzia eta beharra argi ikusita ateratzen gara. Birus batek kolokan jarri du sistema osoa. Aldiz, beste sistema baten aldeko aldarriak ere ez dirudi indartsua uneotan... Prekarizazio prozesua etekinak lortzeko modu bat da, baina baita dominazio sistema bat ere. Horren eraginpean geundela etorri da krisia, baita erronka berriak ere. Etsipenaren eta faxismoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren arriskua egon badago. Guri tokatzen zaigu alternatibak badaudela sinestaraztea, eta horrek eraman behar gaitu borroka defentsiboak eta ofentsiboagoak ondo uztartzera. Baikortasunerako elementuak badaude. Euskal Herrian borroka sozial ugari daude: pentsionistak, mugimendu feminista, gazteak, krisi klimatikoaren kontrakoak... Greba orokorra ere egin genuen, modu ofentsiboan planteatuta gainera. Hori bai, egia da herri honetan dagoen gehiengo sindikal eta sozial horrek gero gehiengo instituzionalean islarik ez duela. Eta zer pasatzen da gehiengo hori instituzioetan ez islatzeko? Gertatzen dena gertatzen dela ere, ez dela ezer aldatuko deion pentsaera ezarri da gizartean. Hala ere, irudipena dut EAJren hegemonia ez datorrela bat EAEko gizartearen pentsamoldearekin. Gainera, hasi dira mito batzuk erortzen: kudeatzaile onaren mitoa adibidez, hor baitaude ustelkeria kasuak, “De Miguel auzia”, Osakidetzako lan eskaintza publikoekin gertatutakoa... Zaldibarren ere argi ikusi da eredu baten porrota. Euskal oasirik ez dela existitzen gero eta barneratuago dugu. Orain erronka kaleko gehiengo horrek erakundeetan isla izatea da. Gazteen eta sindikatuen artean deskonexio bat egon al da? Lan harremanetan ematen ari diren aldaketak 80ko hamarkadatik datoz. Hainbat lan erreforma inposatu dira eta prekaritatea legezko bihurtu da. Horrek ekarri du gero eta langile gehiago egotea ohiko sindikalgintza klasikotik kanpo, harreman kontraktualak aldatzen joan direlako; horrek batez ere gazteei eragin die, baina baita beste kolektibo batzuei ere, adibidez erregimen orokorrean inoiz izan ez diren etxeko langileak. Horren guztiaren helburua da, prekaritatean sakontzeaz gain, sindikalgintza ahultzea. Oso nabarmenak izan dira, adibidez, azkenengo bi urteotan negoziazio kolektiboari egindako erasoak. Sekulako erronka daukagu langileria osoaren tresna bezala bitarteko eraginkorra dela erakusteko. Langileen bizi baldintzez arduratu behar dugu. Prekarizatuta dauden eta ohiko sindikalgintzaren ertzetan gelditzen diren langile kolektibo horietara iritsi behar dugu. Rider edo bizikletako banatzaileen kasuan, adibidez, zer eskaintza egin definitzen gaude, etxeko langileentzako hitzarmen propio bat proposatu dugu... Zein da telelanari buruz daukazun iritzia? Lan harremanetan eman diren aldaketa estruktural horiek guztiak oraindik konpondu gabe daude, eta, printzipioz, telelanari arrisku gehiago ikusten dizkiogu onurak baino. Batzuentzat kontziliaziorako onuragarriagoa izango da. Telelan mota ezberdinak daude eta azterketa sakonago bat egiten ari gara. Guk, hasiera batean, covid-19aren ondorioz eman den telelanean jarri dugu arreta. Batez ere emakumeek egiten dituzten lanak izan dira telelanera bideraturikoak. Horrek ekarri du, berriro ere, emakumeak etxean gelditzea, emakumeek uztartu behar izatea telelana eta zaintza, emakumeen denbora mugatuagoa izatea… Telelanaren beste arriskuetako bat indibidualizazioa bultza dezakeela da. Azken hilabeteotan argi ikusi da telelana eta kontziliazioa ez dela errealitate bat, baina fenomeno honek askoz azterketa sakonagoa eskatzen du. Nissanek Bartzelonako lantegia ixtea erabakia du. Volkswagen edo Mercedesek antzeko erabaki bat hartzea kolpe handia litzate Nafarroan eta Araban. Automobilgintzaren ekoizpen eredua zaharkituta dago? Multinazionalekiko gehiegizko dependentzia oso nabarmena da automobilgintza bezalako sektoreetan. Hauskortasun bat suposatzen du, horrelako erabakiak datozenean horri mugak jartzea zaila delako. Ekonomia globalizatuaren alde egin da kostu merkeak izateko. Azken urteotan ikerketa, garapen eta berrikuntzara bideratutako diruan ikusten da euskal oasirik ez dela existitzen: Europako parametroekin alderatuta inbertsio txikienak ditugu. Horri guztiari buelta bat eman behar zaio, are bistakoagoa dena egungo krisi klimatikoaren testuinguruan. Ekoizpen eta kontsumo ereduen inguruko gogoeta sakona egin behar da, eta herri batek bizirauteko zer produkzio sistema behar dituen eztabaidatu. Agian ekonomia neurtzeko parametroak ere aldatu beharko dira; balioa eman jendartearentzat zer onura dituen ekoizten denak, bizitzarako beharrezkoa den edo ez... Ekonomia neurtzerakoan lan produktiboa eta erreproduktiboa kontuan hartu behar da, datu makroekonomikoetan hazkundea egon arren, prekaritatearen eta desberdintasun sozialen areagotzea ematen ari delako. Zer gertatu behar da LAB elkarrizketa sozialaren mahaira itzultzeko? Guk eztabaidari ez diogu beldurrik, eztabaidarako proposamenak ditugu. Azken hilabeteotan bi proposamen bideratu ditugu, guretzako zentralak. Bata zerga politikarena, aldundiei bideratu dieguna. Eta enplegu plan baterako proposamena ere helarazi diegu bi gobernuei eta bi patronalei. Zergatik ez aztertu elkarrizketa sozialeko mahai horietan? Ez dugulako ikusten mahaion helburua denik langileen interesetan oinarritutako eztabaidak sustatzea. Patronalaren edo gobernuen politikak zilegitzeko daude eraikita. Kontziente gara proposamenak egiten ditugunean eztabaidarako direla, adostasunak eraiki egin behar direla. Badakigu ezin direla inposatu. Patronalak, krisi honetan, erantzukizunei iskin egin die? Arreta asko jarri da norbanako bezala hartu behar genituen neurrietan. Administrazio publikoaren eta langileen bizkar utzi da krisia. Neurri handi batean lortu dute enpresa handiek markatzen dituztelako Madril, Paris, Gasteiz zein Iruñeko gobernuen politikak. Berriro ere eskatuko dute beraientzako onuragarria den dirulaguntza sistema publiko bat; hau da, administrazioa gehiago zorpetzea. Gero, zerga bidezko diru bilketa ez badago, murrizketak etorriko dira. Diru publikoa inolako baldintzarik gabe jartzen da esku pribatuetan eta horrekin nahiko kritikoak gara. ERANTZUKIZUNAK «Arreta asko jarri da norbanako bezala hartu behar genituen neurrietan. Administrazio publikoaren eta langileen bizkar utzi da krisia» EKOIZPENA «Ekoizpen eta kontsumo ereduen inguruko gogoeta sakona egin behar da, eta herri batek bizirauteko zer produkzio sistema behar dituen eztabaidatu» LAN ESPEDIENTEAK «Ez da kasualitatea egungo baldintzak luzatzeko indar handiena patronalak egitea, lan espedienteak onartuta dauden bezala, onuragarri suertatzen ari zaizkielako»