25 JUIN 2020 EKONOMIA ETA FINANTZAKETA AGERTOKI BERRIAN ONGIZATE EREDUAREN JASANGARRITASUNA KOLOKAN MURRIZKETEI BIDE EGITEKO? GIZARTEA ZAHARTZEN DOA ETA, BERAZ, KORONABIRUSA ETORRI AURRETIK ERE, BEHARRAK HAZTEN ZIHOAZEN. PANDEMIAK, BAINA, GUZTIA AZKARTU DU. BADA, GIPUZKOAKO ALDUNDITIK ZALANTZAN JARRI DUTE EA DEMOGRAFIAK DUEN BILAKAERAREKIN JASANGARRIA OTE DEN EGUNGO ONGIZATE EREDUA. MURRIZKETEN USAINA GERTUAGO DAGO. Ane URKIRI ANSOLA Koronabirusaren krisiak sortutako agertoki berrian ekonomia eta finantzen egoera nolakoa den azaltzeko hitzaldi telematiko bat antolatzen denean, ohitura batzuk jada guztiz barneratuta ditugula ohartzen da bat. Azkar moldatu dira gure eguneroko ohiturak, eta, gu geu telelanera «halabeharrez» moldatu garen bezala, arlo ekonomikoan neurriak azkar asko hartu beharrean izan dira estatuak. Mondragon Unibertsitateak Gipuzkoako Aldundiko Ogasun eta finantza diputatu Javier Larrañaga gonbidatu zuen lurraldeak dituen erronkez hitz egitera. Datuak eskaini zituen; printzipioz kezkatzekoak diren datuak, baina, bestalde, ez zuen interbiderako argi izpirik zehaztu. Erronka asko dituzte erakunde publikoek finantzaketa moldatzeko garaian, langabeziak gogor astinduko herritarrek dituzten bezala. Zailtasunak zailtasun, konponbideak zehaztea faltan bota zen ordubete eskas iraun zuen atzoko hitzartzean. Hainbeste erronka ditu gizarteak, ongizate estatuaren jasangarritasuna bera kolokan jarri baitzuen diputatuak. Ongizate estatua mantentzea «konplexua» dela ziurtatu zuen, ez baita «ordaindu dezala ez dakit nork esatea bezain sinplea». Batez ere, «gure demografiaren bilakaerarengatik» jarri zuen kolokan ongizate estatua: gizartea zahartzen ari da eta herritarren beharrak handitzen. Horregatik, Larrañagak uste du «dugun ongizate maila baloratu ezean», zaila izango dela sistemaren jasangarritasuna bermatzea. Murrizketen zantzuak Ongizate ereduaren jasangarritasuna eztabaidatzearen alde agertu zen Larrañaga, baina, betiere, «politikatik kanpo egiten bada». Zer dela eta politikatik kanpo ez bada murrizketak aplikatzeko? Gipuzkoako Ogasunean, diru bilketan jaitsiera nabarmena espero dute, kasik 2008an gertaturikoaren tamaina berekoa; mila milioi euro gutxiago batzea aurreikusten dute, alegia. Dena den, orduan baino bilketa handiagoa izango dela ikus daiteke beheko grafikoan, Larrañagak azaldu legez, azkenengo hiru urteotan inoizko diru bilketa handienak izan baitira. Gastu bezala identifikatzen dituzte osasun publikoan egindako inbertsioak –Aldundiak ez du osasun arloko eskumenik– edo garraioan edota babes sozialean egindakoak. Afera hori azaltzean, proposamen edo planteamenduei bide egin beharrean, Estatu espainolaren defizitera jo zuen, murrizketetarako bidea ekarriko duela ulertaraziz. Estatuan defizita %0,6 puntu hazi da –helburua %0,65 jaistea zen–. Airef erakundeak eginiko ebaluazioaren arabera, zorpetzea barne produktu gordinaren %115 edo %117 izatera irits daiteke. Hala, oraingo egoerara ez ginateke 2038. urtera arte itzuliko. «Europar Batasuna orekatze plan bat aplikatzen saiatuko da defizita zuzentzen joateko», ohartarazi zuen. “Orekatze planaren” benetako izena murrizketak izatea ez da harritzekoa izango. Larrañagak ez zuen “murrizketa” hitza erabili hitz egin zuen ordubetean, baina bai adierazi zuen «finantzaketa iturriek izango duten zuloa betetzeko egokitu» beharra izango dutela eta okerrenerako prestatutako direla; hau da, aurrekontuan 200 milioi euroko galera izateko. Lehentasunez ere hitz egin zuen eta Aldundiarenak gizarte politika eta promozio ekonomikoa direla gaineratu zuen. Bestalde, garraio publikoa eta babes soziala «zaindu beharreko kontuak» direla esatera mugatu zen. Desberdintasun sozialen murrizketan Gipuzkoa bide onetik doala nabarmendu zuen Larrañagak, GINI indizearen arabera Finlandiaren pare kokatzen baita; horrek, baina, ez du kontuan hartzen azpiekonomia, ez eta aberatsenek eduki dezaketen patrimonio higiezina ere. Kolpe latza izan da koronabirusa, baina neurriak azkar hartu dira behintzat –hori da Larrañagarentzat pandemiak utzi duen positiboena– eta errekuperazio azkarra espero da. Ahazteko moduko 2020 honen ostean, ordea, 2021eko martxoan eta apirilean zer gertatzen den ikusi beharko da, behin laguntza publikoak amaituta, aurrera egiteko moduan diren edo ez egiaztatzeko unea izango baita. Ekonomian konfiantza berreskuratzea garrantzitsua izango da Larrañagarentzat, enpresa asko besteen inbertsioez bizi baitira. 2020an mila milioi euro gutxiago batzea espero du Gipuzkoako Ogasunak, 2008ko krisiaren ondoren izandakoaren antzeko beherakada Behin laguntza publikoak amaituta, 2021eko martxoa eta apirila mugarri izango dira enpresentzat