29 AOûT 2020 Hitzak (I) Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Katrinak Louisianako kostaldea gogor jo zuenean, AEBetako komunikabideetan bi irudi mota zabaldu ziren. Batean herritar beltzak agertu ohi ziren, urakanak eragindako kalteari aurre egiteko beharreko baliabideak nola edo hala eskuratzen. Halako irudiak azaltzeko orduan, “arpilaketa”, “lapurrak” eta “istiluak” bezalako hitzak erabili ohi zituzten. Bigarren irudi motan egoera berberak agertu ohi ziren, baina kasu honetan protagonistak zuriak ziren. Horrelakoetan “etsipena”, “bizirauleak” eta “laguntza” ziren testuan azpimarratzen ziren hitzak. Dave Eggersen “Zeitoun” (2009) liburuak ezin hobeto azaltzen du hondamendiak azaleratu zuen egiturazko arrazakeria: protagonista, Sirian jaio eta hazitako Abdulrahman Zeitoun estatubatuarra, auzokoak laguntzen ari zela atxilotu zuten, jarduera terroristekin lotura zuela leporatu zioten eta espetxean izan zuten hilabetez. Denbora horretan mediku-laguntza (Zeitounek jaiotzetiko gaitz bat dauka) eta familiarekin harremanetan jartzea ukatu zioten. Asteon poliziak tirokatutako Jacob Blaken egoeraren harira Wisconsinen egindako protestetan bi lagun hil ditu Kyle Rittenhouse 17 urteko gazteak. Illinoisen bizi da Rittenhouse, eta protestariei aurre egiteko propio joan zen Wisconsinera. Hilketok egin ostean, Poliziak eragozpenik jarri gabe utzi zion estatuen arteko muga gurutzatzen. Azken batean, komunikabideek azaldu bezala, «eraikinak eta auzoak protestariengandik babesteko sorturiko milizia» bateko kide zen Rittenhouse. Hots, hiriaren «interesak defendatzen» ari zen.