31 MAI 2021 Cezanneren kana-erdia Jon GARMENDIA Idazlea Paul Cezannek bizitza agertu nahi zuen sinpletasunean; margolari inpresionista handiak figura geometrikoak ikertzen zituen, egunerokoan ikusitako paisaiak koadroetara eraman nahiz. Borobil batean gizakien burua, konoa zuhaitz enborrentzat; badakizue, gure aizkolarien kana-erdia. Pozten ahal naiz badakizuenontzat, ezen aitak hamaikatan esplikatu badit ere oraindik zuhaitz baten tronkoari kana-erdikoa nola deitzen zaion ez dut ongi ulertu. Artisten kontuek beste dimentsio bat dutelako agian, koloreen marrazkietan dena zilegi da; edo zirriborrotsu, nahaspilan bezala, zehaztasunak malgutasuna duen tokian, nahiz batzuen artean matematika zehatza izan. Cezannek, nola esan, Frantzia hegoaldeko Aix- en-Provencen sortutako artistak, bukaeraraino eraman zuen neurtzeko gaitasun hori, konpromisoa asumituz beharbada. Euri egunean bortura margotzera irten zen, hoztu eta gaixotu zitekeela jakinda, baina pneumonia batek akabatuko zuela jakin gabe. Egun, inpresionatzen nauena horixe da, gutxik hartzen dituela konpromisoak, edo erabakitzea kosta egiten dela, denak baduelako argudio bat, traba bat; hau da, aitzakia badela orotarako. Izan eta egin behar dugun hori ez egiteko. Berdin du zerekin lotzen duzun nire arrazonamendu hau; ulertuko duzu arrazoi duzula geometrikoki neurtu ondoan, sinpletasunean sakonduta, inpresioak elkarbanatuz.