02 JUIN 2021 Ongietorriak administrazio zehapen bidez zigortu nahi ditu Madrilek GARA Madril Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainolak RNE irrati publikoan egindako elkarrizketan atzo adierazi zuenez, bere Gobernuak euskal preso politikoen ongietorrietan parte hartzen duten herritarrak administratiboki zigortzeko «zirriborro aurreratu bat» prest dauka, epaitegiek egintza horiengatik parte hartzaileei «terrorismoa goratzea» egotzi ezin zaiela erabakitzen duten kasuetan aplikatu ahal izateko. Grande-Marlaskaren ustez, «sentsibilitaterik eta balio demokratikorik ez izatea erakusten duten egintza publikoak daude». Horregatik, «zuzenbide penalaren mugen barruan parte hartzaileei terrorismoa goratzea ezin bazaie egotzi, gu lanean ari gara, eta badugu jada zirriborro aurreratu bat, jokabide hori dagokion zigorra izango duen arau hauste administratiboa izan dadin». Ministroaren hitzetan, Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Aitorpen eta Babes Integralerako 29/2011 Legearen erreformaren bidez bultzatuko du zehapen erregimena, «ahalik eta azkarren» eta «biktimen elkarteekin batera».