GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren kakotxak


Zeharo zabaldu da kakotxen artean hitz egiteko ohitura. Antzeztutako komatxoak dira, gainelikatutako antzezpena. Hanpatutako keinuek ukitu nardagarria hartu dute, eta gogaikarri egiten zaizkit. Idazmenean kakotxak bi eratara erabiltzen ditugu. Berezia den zerbaiten berri emateko edo desenkusatzeko.

Ba ote du kakotxik musikak? Nola adierazten dira? Kantuen hitzetan egon daitezke, baina ba ote du sinbologia berezirik doinuetan, jakiteko ahozkoaren keinuaren baliokoa dela? Nola antzeztu ahal zaizkio kakotxak doinuari? Ikusi ahal duzue kantariren bat abesten ari den bitartean kakotxak antzezten letrari? Bihotza aipatzean bihotza marrazten dute. Baina bigarren zentzua duen esaldiari ez dizkiote kakotx keinuak ezarriko. Itogarria egingo litzaidake, eta zuzeneko ikuskizuna trakestuko luke. Kakotxen fetitxista eta bildumazale asko ditu ahozkoak.

Salbuespenak egongo dira, baina olerkietan ez dira erabiltzen kakotxak, eta zerbaitegatik izango da. Agian ia dena kakotx artean idatzi beharko litzatekeelako, metafora eta bigarren zentzua dutelako hainbat hitzek. Euskaraz abestutako kantu askok dute harremana literaturarekin, poesiarekin. Nerabeen ahotan bada kakotxik gabeko esamolde bat, justu kontrakoa esateko, indargabe uzteko entzundakoa: “Datu ona”.

Iñaki Segurolak “Koiteretzia” liburuaren hasieran «ondo irakurtzeko oharra» gomendatzen digu: «Kakotxek, beren aitatzezko edo ekartzezko eginkizunaren barnean, orobat irudika lezakete eskuetako bina behatzekin egin ohi dugun imintzio edo zeinua». Beste datu on bat al da?