10 NOV. 2021 «Etxepare, jalgi hadi batura», euskarazko lehenengo liburuaren bertsio-itzulpena Bernart Etxepareren «Linguae vasconum primitiae» inprimatutako euskarazko lehenengo liburuaren bertsio-itzulpena egin du Xabier Amurizak euskara batuan, «betiere Etxepareren airea eta edukia errespetatzen saiatuz». 1545ean argitaratutako liburua hamabost poemek osatzen duten bilduma bat da, hitzaurre labur bat ere baduena. Asier ROBLES BILBO Xabier Amurizak (Etxano, 1941) Bernart Etxepareren (Sarasketa, 1480 inguruan) “Linguae vasconum primitiae” liburu ezagunaren bertsio-itzulpena aurkeztu zuen atzo Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan: “Etxepare, jalgi hadi batura”. Zehazki, 1545ean argitaratutako lehen euskal liburu inprimatuaren euskara batuko bertsioa da idazle bizkaitarrak atondu duena. Amurizak aurkezpenean azaldu zuenez, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu ohi duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren azken edizioan sortu zen liburua egitearen ideia. Irakurraldi hartan, “Linguae vasconum primitiae” izan zen irakurritako liburua, eta Amurizak eman zion hasiera ekimenari Etxepareren lekukoa hartuz. Hortik abiatuta, idazle eta bertsolari ezagunari «argi bat piztu» zitzaion eta inprimatutako euskarazko lehen liburua egokitzeari ekin zion. Orain, egokitzapen hori liburu formatuan argitaratu du mundu guztiaren esku egon dadin. Amurizaren esanetan, kaleratutakoa «ez da itzulpen soila», bertsio bat da. «Etxepareren errima nahiko elementala da eta, batez ere, bariazio gutxikoa. Nik bertsio bat egin dut batuan, betiere Etxepareren airea eta edukia errespetatzen saiatuz». Bernart Etxepare idazle baxenabartarra, Sarasketan jaio zen ustez. Eiheralarreko erretore (1518) eta Donibane-Garaziko bikario izan zen. 1545ean kaleratu zuen “Linguae vasconum primitiae”, Bordelen. Hamabost poemek osatutako bilduma bat da, eskaintza moduko hitzaurre labur bat duena. Lehen bi poemetan erlijio gaiak jorratzen ditu Etxeparek, hurrengo hamarretan amodiozkoak, inoiz gordin samar, hamahirugarrena poema autobiografikoa da (kartzela egonaldia), eta azken bietan euskararen goraipamena egiten du. Xabier Amurizak atzoko aurkezpenean azpimarratu zuenez, Etxeparek lehen euskal idazlea izatearen «kontzientzia nabarmena» zuen, «eta horretaz harro ageri da liburuan, izenburutik bertatik hasita».