10 DéC. 2021 Enbeita eta Etxebarria, txapel jartzaile Bizkaiko Bertsolari Txapelketan Joseba Etxebarria eta Moises Enbeitaren artean jantziko diote txapela 2021eko Bizkaiko bertsolari txapeldunari. Lehenengo aldiz, lagun bik batera jantziko diote txapela irabazleari. Urte luzeetan taldeari eskainitakoa eskertu nahi die Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. GARA BILBO Joseba Etxebarria eta Moises Enbeitaren artean jantziko diote txapela 2021eko irabazleari. Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailearen erabakia izan da. «Biak dira urte luzez talde horren parte eta, aurten, eurak omentzea erabaki dute beste kideek. Elkartetik urte hauetan guztietan egindako ekarpena azpimarratu nahi izan da. Izan ere, nabarmentzekoa da bertsolaritza zelan ulertu eta transmititu duten, jardun kolektibo moduan. Eta hori hain ondo ulertuta, taldeari egin dioten ekarpena ere azpimarragarria da: Elkarteko zuzendaritzari eta, bereziki, Txapelketako Talde Antolatzaileari», esan dute. «Biek batera txapela janztearekin taldean egiten denak duen balioa azpimarratu eta sinbolizatu gura izan du Elkarteak eta hori biek erakutsi digute. Horrelaxe ibili dira urte luzeetan, elkarrekin eta taldean beharrean», adierazi dute Bizkaiko Bertsozale Elkarteko arduradunek. Taldekoa bai, baina Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bien ibilbide pertsonala ere goraipatu nahi izan du, euren inguruan zein Bizkai osora begira egin duten lanagatik. Joseba Etxebarria Uriarte larrabetzuarra da. Eskualdean egindako eragiletza lanaz gain, Bizkaia mailan, 2000. urtean hasi zen Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean beharrean eta gaur egun ere bertan jarraitzen du buru-belarri antolakuntza lanetan. Elkarteko Zuzendaritza Batzordean ere urteetan ibili izan da. Bertsolari gisa igo zen agertokira Moises Enbeita Ealo muxikarra, baina plazatik atzeko beharrera pasatu zen gero. 2000. urtean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan epaile-lanean hasi zen. Harrezkero, Zuzendaritza Batzordean eta Talde Antolatzailean aritu izan da. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 18an izango da Bilbon.