12 JAN. 2022 Homosexualek odola emateko baldintzak kenduko ditu Parisek GARA Paris Frantziar Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, martxotik aurrera ez da sexu orientazioari buruzko erreferentziarik agertuko odola eman aurreko galdera-sortetan. Beraz, desagertu egingo dira homosexualei orain arte ezarritako baldintzak. Homosexualek 1983tik debekatua zuten frantses Estatuan odola ematea, hiesa kutsatzeko arriskuagatik. 2016ko uztailean, debekua kendu zuten aurreko urtean sexu harremanik izan ez zutenentzat. 2019an abstinentzia aldi hori lau hilabetera murriztea erabaki zen. Denbora horretan egindako zainketak erakutsi zuen homosexualei dohaintzak irekitzeak ez zuela eraginik izan odol transfusioen bidez GIBa transmititzeko arriskuan, Osasun Ministerioak adierazi zuenez. Orain, frantses Gobernuak horri buruzko edozein baldintza kentzea erabaki du. «Dagoeneko justifikagarria ez den desberdintasun bati amaiera ematen diogu», esan zuen Olivier Veran Osasun ministroak Twitterren, eta iragarri zuen martxoaren 16an sartuko dela indarrean aldaketa. 80ko hamarkadatik aurrera, neurri murriztaile hori ohikoa izan da Europako hainbat herrialdetan, «hiesa transmititzeko arriskua» dela eta. Hain zuzen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak irizpena eman zuen 2015ean, esanez beste gizon batzuekin sexu-harremanak izan dituzten gizonei odola emateko debekua ezartzea «justifikatua izan daitekeela» baina «sexu-orientazioagatiko diskriminazioa ere ekar dezakeela». Dena den, herrialde askok neurri hori baztertu egin dute azken urteotan, hala nola Portugalek, Alemaniak eta Greziak. Espainiar Estatuan ez dago inolako murrizketarik 2005az geroztik.