GARA Euskal Herriko egunkaria

Donibane Lohizuneko Ugaina etxea 6 milioi euroan saldu dute


Marinelen ofizialeen antzinako etxea jabe pribatu baten eskuetara pasatu da. “Kazeta.eus” atariak atzo plazaraturiko albistearen arabera, Donibane Lohizuneko Ugaina etxea urtarrilaren 12an egin zen enkante baten bidez saldu zen.

Eraikinaren salmenta 2020an gibelatua izan zen, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak hala eskaturik. Orduan, Aturriko itsas komandantziaren eta Faisaien Uhartearen erregeordearen egoitza izan zen eraikinari 3,7 milioi euroko balioa eman zitzaion.

Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak salmenta gibelarazi zuen ondasuna Office Habitat 64 egiturarekin batera erosi ahal izateko, etxebizitza sozialak egiteko xedearekin.

Bi milioi eurorainoko proposamena ere egin zuen, lehentasunezko erosle eskubidea aldarrikatuz, baina bere asmoak huts egin zuen.

Aldiz, Bordeleko notarioen ganberan eginiko enkantean, 1850 urteko 496 metro karratuko eraikin historikoa 6 milioi euroan saldua izan da.. Erosle pribatu bat jabetu da itsasoari begira dagoen eraikin dotoreaz.

Udaleko oposizio zentristak salatu duenez, lehenengo eskaintza errefusatua izan ondoren lohizundarrei ez zitzaien iazko urtean zehar beste proposamenik aurkeztu.

«Deitoragarria da Estatuko zerbitzuek gure proposamen zuzenari segida ez ematea», azaldu du Jean-François Irigoyen auzapezaren kabineteak.

Herriko Etxeak 2019az geroztik interesa erakutsi zuen etxea altzo publikoan atxikitzeko. Alta, bere higiezinen proiektuak ez zuen sostengurik jaso. Bruno Le Maire Ekonomia ministroak bitartekari gisara eginiko azkeneko ahaleginek kale egin ondoren Ugaina esku pribatuetan geldituko da...