GARA Euskal Herriko egunkaria

Bihotzekoak jota hil da Hondarribiko ontzi bateko arrantzale bat


A.D. 51 urteko arrantzalearen heriotzaren berria zabaldu zuen atzo LAB sindikatuak. Hondarribiko “San Antonio Berria” ontziko langilea bihotzekoak jota hil zen asteazken gauean, Santoña parean berdelaren kanpainan lanean ari zela.

Familiari, lankideei eta arrantzale guztiei elkartasuna adierazi ostean, urte hasieratik gutxienez Euskal Herriko 16 langile hil direla beren lanpostuetan salatu zuen LABek. Sindikatuak gogoratu zuenez, arrantza sektorea larriki kolpatzen ari da prezioen garestitzea eta portuan geldi ere izan dira arrantzaleak. «Horrek, lanaldi luzeekin, lan baldintza gogorrekin eta egungo egoerarekin, non berriz ere langileak garen egoera honetako zigortuenak, lan baldintzak lan istripu ez traumatikoen atzean daudela salatzera garamatza», nabarmendu zuen LABek. «Lan eta gizarte eredu berri bat» ere eskatu zuen sindikatuak.