08 AVR. 2022 Gunetuz sortu dute, psikologo euskaldunak saretzeko asmoz GARA IRUÑEA Gunetuz atari berria aurkeztu zuen atzo UEUko Psikologia sailak eta, azaldu zutenez, «psikologo euskaldunak saretu, beraien lana euskaraz egiteko baliabideak eman eta gizarteari eduki baliagarriak eskaintzeko» helburuarekin jaio da. Aurkezpenean zehaztu zutenez, ataria hainbat atariz osatuta egongo da. Foroak hitz eta pitz aritzeko eta elkar ikusteko aukera emanen du; Albistegiak berrien bilduma osatuko du; Eskaintzak atalak ikastaro eta lan eskaintzak gerturatuko dizkie psikologo euskaldunei; Psikologia izenekoak, argitalpenak, galdetegien itzulpenak, ikerketak, orientazioa, eragileak eta bideoak bilduko ditu; Parekidetasuna atalak genero parekidetasuna sustatzeko dauden webguneak, bideoak, esku-hartzeak eta bestelako baliabideak gerturatuko ditu; eta Baliabideak izenekoak, euskarazko datu baseak, sare sozialak, webguneak, eta euskararen erabilera tekniko eta egokirako tresnak jarriko ditu eskura. Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak, proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen: «UEUren egiteko garrantzitsuenetako bat da euskal komunitate zientifikoarentzat topaguneak sortzea. Aditu, ikertzaile, irakasle eta ikasle euskaldunak sakabanatuta egoten dira eta UEUrentzat ezinbestekoa da horiek guztiak elkar eragin dezaten guneak ematea, elkarren berri izan, beharrak aztertu, eztabaidatu eta modu horretara proiektu berriak sortzeko baliatzeko».