GARA Euskal Herriko egunkaria

Aberri Egunaren katabasia


Katabasiak (grekozko κατὰ, «behean» eta βοίνω, «aitzinapena») nolabaiteko beherako bidea adierazi nahi du, hala nola, mendi-hegal bat jaistea, eguzkia ilunabarrean, kanpaina militar batean erretiratzea edo infernura bidaiatzea. Kristautasunaren berpizkundea edo katabasiaren ideia; hau da, infernurako jaitsiera eta ondorengo irteera (berpizkundea bera deitutakoa) oso antzinakoa da eta ia munduko zibilizazio guztiek landu dute.

Beraz, hildakoen gurtza Neolitotik etorri badator (edota Paleolitoaren azkenengo faseetatik bederen), higiene-beharrek akuilatua hildakoenganako errukia dela medio garatutako ohitura izaten da.

Antzinateko beste hileta-sinesmen bat infernura jaisteko beharra izan ohi da. Hau da, norbaitek jakintsuekin hitz egin nahi baldin bazuen edo «azpiko munduan» bizi omen ziren gizakiekin harremanik izan nahi zuenean, infernuraino joan behar zuen. Horrela, naturaren jainko garrantzitsuenak (Marduk, Heracles, Orfeo, Dioscuros, Odiseo, Eneas, eta abar) infernuetara jaitsi ziren, eta guztiek esperientzia ahaztezinak izan zituzten.

Garrantzizkoena iluntasunen mundutik ihes egin ahal izatea imajinatzea zen, non hildakoek, kasurik onenean, itzal besterik ez zirenez, handik irteteko bideari antzemango zioten, grekoen Hades delakoan gertatzen zen bezala.

Jakina denez, lehen Aberri Eguna 1932ko martxoaren 27an izan zen, Bilbon eta Pazko igandean. Erresuma Batuaren kontrako Irlandako Pazko altxamendua eta haien aldebakarreko independentzia aldarria hona ekartzeak eragin zuten gertaera haiek erreferentziatzat hartzea Berpizkunde iganderako. Erlijiotik eta, zehazkiago, kultura katolikotik eratorritakoa jai politiko bihurtu zen, bada.

Halaber, Eusko Alderdi Jeltzaleak Aberri Eguna sortu zuen 1932 hartan alderdiaren festa gisa, «euskal nazionalismoaren urrezko ezteiak» ospatzeko asmoz, berrogeita hamar urte igaro baitziren abertzaletasunak karlismo tradizionalista espainiarrarekin hautsi zuenetik.

Edozein modutan ere, infernutik irtetea eta, era bertsuan, birsortze baten zeremonia dugu efemeridea. Aspalditik, eta munduko kultura askotan errepikatutako nahia... Gurean ere, beraz, hala izan bedi!