21 AVR. 2022 Musikaren Ogrue Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Pertsona bati idazten zaionean, hark irakurtzeko izan ohi da. Beraz, Ogrueren gertuko eta urrutiko lagun, ezagun edo edonorentzat idatziko dut. Errespetua deitzen al zaio jendeak, hedabideek eta abarrek ez aipatzea bere buruaz beste egin duela Ogruek? Azken ekintza egin du. Heriotza ez zaio iritsi, haren bila joan da, hausnartuta egitera zihoana. Norberak hartutako erabakia da, eta zer errespeturen izenean estali behar da haren azken erabakia? Eztabaida garratza izan genuen, eta haserretu ginen. Guatxapez leundu genituen xextraren laztasunak edota distantzia pertsonalak. Ogrue eta Ogro, ezizen biak erabiltzen zituen Iñaki Segurola Amutxastegik. “Koiteretzia” kontrako eztarritik sartu zitzaidan hasi bezain pronto. Gainerako guztiak euskal literaturaren tokirik erakusgarrienean uzteko modukoak dira. Erraztasun bikaina zuen esandakoa edo pentsatutakoa idazteko. Harenak irakurtzea haren ahotsa entzutea da. Trebezia txundigarria, idazkera urratzailea bere samurtasunetik. Drogak utzita, jakoari beldurra, sexua beti gustuko. Antonio Vegarekin ez gentozen bat, hark gustuko. Joy Division eta New Order (“Bizarre love triangle”) partekatu genituen. Maiz aipatu zidan Matadeixera joaten zela a capella abestera beste bostekin, Hertzainak, La Polla Records eta abarren kantuak interpretatzera. Ez zuen irensten X. Montoia. “Sektetako” bi: Tong Txiki eta Zuhaizpe. Bizidunen zerrendan lagun bat gutxiago.