03 MAI 2022 PILOTA Sakea baliabide eta aldi berean buruhauste suerta daiteke Legazpin Zabaleta eta Dario, zirkuituko bi sakatzailerik handienak elkarren aurka ariko dira A multzoa argitu beharko lukeen partidan. Iaz 22-5 gailendu zen atzelaria. Jon ORMAZABAL Ohi baino beranduago, eta igandean partidarik jokatu gabe itxiko da Buruz Buruko final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia, gaur, Legazpiko Urbeltzen (jaialdia 17.30ean). Jokin Altunaren lesioak hankaz gora jarri zuen A multzoa eta gauza asko argitu litezke jaietan den Urola Garaiko herrian jokatuko den partidan. Zabaleta gailentzen bada, Etxarrengoaren eta, osatuko balitz, egungo txapeldunaren artean egongo litzateke Joseba Ezkurdiarekin batera aurrera egiteko bigarren txartela. Errioxarra nagusitzen bada, aldiz, arbizuarraren laguntza beharko luke amezketarrak azken jardunaldian, aurrera egiteko. Aurreko astean jasotako jipoi fisiko eta mentaletik osatzeko inoiz baino denbora gehiagorekin, Zabaleta eta Dariok ezin dute hutsik egin gaur Legazpin, eta euren helburuak gauzatzeko sakeak aparteko garrantzia izan lezake gaur, ziur aski, zirkuituko bi sakatzailerik onenak arituko baitira elkarren aurka. Hankaz bizienetakoak direla dudarik ez da, baina lehen pilotakadari ematen dioten abiadura ere parekoa izaten da atzelari nafarraren eta aurrelari errioxarraren kasuan. «Orain arte erakutsi dugu biak sakatzen ongi moldatzen garela eta ikusiko da nork asmatzen duen gehiago. Nahiz eta tanto asko egin, aurrekoan –Ezkurdiaren aurka– ez nintzen pozik geratu sakearekin eta ea gehiago asmatzen dudan», azaldu zuen Zabaletak. «Berdin dio nondik atera» Egia da sakearen pasa sei eta erdira aurreratu izanak sakeari arrisku pixka bat kendu diola errestatzen ari denarentzat, baina Dariok argi dauka parean bera baino sakatzaile hobea izango duela. «Bere estatistikak behintzat nireak baino hobeak dira eta ematen dion abiadura izugarria da; berdin ematen dio lautik, bostetik edo seitik eta, zazpitik emango balio ere gai da erraz pasa egiteko», azaldu zuen errioxarrak. Urrutira joan gabe, aurreko asteburuan Joseba Ezkurdia ezustean harrapatzen saiatu zen sakeari botea seian eraginda, baina arbizuarra ez zuen ustekabean harrapatu eta Ezkaraikoa ere prest da halako sorpresetarako. «Nirekin entrenatzen inoiz egin zuen; esaten zuen lau eta erditik ez zela erabat eroso sentitzen, baina gauza da pilota tiro bat bezala datorkizula edozein tokitatik jota ere», azaldu zuen aurrelariak. Horren inguruan galdetuta, Zabaletak ez zion pista handirik eman nahi izan gaurko bere aurkariari. «Dariorekin eta beste askorekin entrenatu dut sake hori, askotan entrenatu dudan gauza da eta min handia egin izan dut hortik aterata. Ikusiko dugu nondik egiten diogun min Dariori», bota zuen. JOKIN ALTUNAEl jueves realizará una prueba para ver si puede jugar en los cuartos de final. Hasta entonces seguirá cuidando las manos y trabajando el físico. De momento, se ha fijado un partido de la 3ª jornada: Rezusta-Laso, el viernes en Baños de Río Tobia.