GARA Euskal Herriko egunkaria

Delirium Tremens, Bulego, Vulk, Tapia, Marina Gris eta Amorante, EHZn

Euskal Herria Zuzenean festibalaren xehetasunak iragartzen ari dira antolatzaileak eta agertokira igoko diren musika taldeen berri eman zuten atzo. Delirium Tremens, Bulego, Vulk, Marina Gris, Madelyn Ann, Esah Yasuke, Amorante, Joseba Tapia, Frigo eta Kilimak taldeak batu dira aurtengo kartelera. Aurretik Niko Etxart, Ezpalak, Ibil Bedi, Calling Marian, Fizt & Furiuz eta Gaitistaneko Orkestra iragarrita zituzten.


Euskal Herria Zuzenean festibala uztailaren 1etik 3ra ospatuko da, eta hirugarren urtez Irisarrin eginen da. 26. edizio honetan aldaketak izanen dira joan den urtekoarekin alderatuta, pandemiari loturiko neurriek ez baitute antolaketa mugatuko. Antolatzaileek ilusio handiarekin ekin diote aurtengo prestaketari, iazko egoera zailean ere edizio arrakastatsua izan zelako.

Atzo, egitarauaren berri eman zuten eta «kalitatezko eskaintza aberats eta askotarikoa» iragarri zuten: «Bulego, Madelyn Ann, Esah Yasuke, Amorante, Joseba Tapia, Frigo eta Kilimak taldeek plazako eta pentzeko eszenak hartuko dituzte», erran zuten.

Bada besterik. «Artista batzuek aurten plazaratutako obra aurkezteko parada ukanen dute ere; horien artean da Frikun taldearen ‘Ezerezko herria’ diskoa, Marina Grisen ‘Airaka’ albuma, Vulk post-punk taldearen ‘Vulk ez da’ eta Odei rap kantariak joan den apirilaren 22an estreinatutako ‘Terapia’. Hainbat urtetako isilaldiaren ondoren, Delirium Tremens iparraldera itzuliko da. Maleruski, azkenean Kokoko! taldea ezin izango da aritu aurtengo festibalean», adierazi zuten atzo antolakuntzako kideek. Joan den apirilean Niko Etxart, Ezpalak, Ibil Bedi, Calling Marian, Fizt & Furiuz eta Gaitistaneko Orkestra taldeen izenak eman zituzten.

Ohi bezala, ikusgarriak, mintzaldiak, kontzertuak, zirkua, dantza, bertsoak... izanen dira. Egun guztian zehar animazioek girotuko dute Irisarriko plaza, eta arratsaldetik goiti pentzeak ere harrera eginen dio jendeari, kontzertuetara hurbil dadin.

Antzerkia

Aurtengo berritasuna antzerkiari egokitutako leku berezia izanen da; horren bitartez kultura-adierazpide horri leku gehiago eman nahi zaio.

Gogoetarako aukera ere izanen da, Ospitalean tailer, hitzaldi eta mahai-inguru andana izanen baitira. Gaur egungo erronkei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko parada izanen da, eta, besteak beste, euskara, gerlak, populu autoktonoen zapalkuntza eta eritasun mentalak izanen dira solasgai. Ospitalea etxean izanen diren mintzaldi eta mahai-inguruen egitaraua berantago iragarriko dute.

Horrez gain, Josu Martinezek Baigorrin grabatutako hiru film laburrak ere izanen dira programaren parte.

Egitaraua, ordutegiak zehaztuta, webgunean (www.ehz.eus/eu/) ikus daiteke. Hiru eguneko sarrerak salgai jarri ziren atzo –45 euroan – eta webgunean eskura daitezke. Irisarrin bertan 55 euro balioko dute. Egunez eguneko txartelak ekainaren 1etik goiti jarriko dituzte salgai.

2019ko jaialdiko izpiritua berreskuratu nahi dute edizio honetan; horregatik, egunean zehar plazako programazioa doan izanen da, eta pentzean eginen den kontzertuetara sartzeko ordaindu beharko da soilik.

500 laguntzaileren esku-ukaldia ezinbestekoa izanen dela zehaztu zuten atzo antolatzaileek. «EHZ denona da eta denon eskuekin eraikitzen dugu», nabarmendu zuten.

«Guretako biziki inportantea da egungo testuinguruan, non prezio guztiak goititzen ari diren, kultura denendako izatea; horregatik ez ditugu prezioak handituko», erran zuen aurreko aurkezpenean Julen Oillarburuk EHZren bozeramaileak.