GARA Euskal Herriko egunkaria
ERNAIK ANTOLATUTAKO MAHAI

POLIZIA-INDARKERIAREN BIKTIMEN AHOTSA, «BORREK EZKUTATZEN DUTENA» AZALTZEKO

GAZTEAK, LANGILEAK, FEMINISTAK ETA PERTSONA MIGRATUAK. GUZTIEK JASAN DITUZTE, NOLABAIT, «BORTIZKERIA ETA MUNTAIA POLIZIALAK». ATZO, KOLEKTIBO HORIETAKO ORDEZKARIAK MINTZATU ZIREN, «BORREK EZKUTATZEN DUTENA» IZENBURUPEAN, ERNAI GAZTE ANTOLAKUNDEAK BILBOKO BOLSAN EGIN ZUEN MAHAI-INGURUAN.


Ernai gazte antolakundeak “Borrek ezkutatzen dutena” mahai-ingurua egin zuen atzo, Bilbon, ekainaren 15ean Ernaiko zazpi kidek izango duten epaiketa salatzeko martxan jarritako “Ez gaituzue geldituko!” dinamikaren baitan.

Bilboko Bolsa eraikinean egin zen mahai-inguruan «bortizkeria eta muntaia polizialak jasandako hainbat kolektibotako kideak» batu ziren. Hain zuzen ere, Ritxard Campos Otaola Tubacexeko langileak, Karen Brunel Saldias SOS Arrazakeriako kideak, Begoña Garaikoetxea Diaz Iruñerriko Mugimendu Feministako kideak eta Ane Sainz-Espiga Ernaiko gazte auzipetuak eman zuten beren testigantza.

Camposek azaldu zuenez, 236 egunez luzatu zen Tubacexeko grebaren kasuan, hainbat indarkeria mota izan ziren, «enpresa-errepresiotik» hasita. «Enpresak murrizketak eta 150 kaleratze proposatu zituen, Aiaraldean kalitatezko lana suntsitzeko asmoz, berez langabezia-tasa handia duen eskualdean, eta gero haiek sortutako aldi baterako laneko enpresen bidez gu azpikontratatzen saiatu zen», salatu zuen.

Ondoren, Tubacexeko langileak «boterearen hedabide guztiek» eragindako «errepresio mediatikoa» kritikatu zuen, eta piketeetan sortutako borroka kriminalizatzen saiatu direla gogoratu zuen. Azkenik, Ertzaintzak pikete eta langileen aurka erabilitako errepresio fisikoa aipatu zuen Camposek.

Bestalde, Karen Brunelek SOS Arrazakeriako kide gisa duen ikuspuntua eman zuen. Bere esperientziatik abiatuta, azaldu zuen pertsona migratuek «bi begirada» dituztela polizia-indarkeriaren inguruan. Lehenengoa, ez dutela «polizia-indarkeria zuzena» jasaten, «pertsona arrazializatuek» egindako ekimen gehienak antolatzen baitituzte. «Horregatik, arreta handiagoa jartzen zaie ekintza horietan parte hartzen duten pertsonei, talde ahula baita. Poliziari aurre egiteak ondorio ugari ditu beren bizitzan, legezkoak nahiz ekonomikoak», zehaztu du.

Beste begirada, SOS Arrazakeria Bizkaiak jasotzen dituen salaketetan «etengabe» ikusten duena, «polizia-jarduera arrazistaren» ondorioa: «Atxiloketak eraso fisikoz, psikologikoz eta botere-abusuz beteta daude, besteak beste».

Zigorrak eta isunak

Bere kasuan, Begoña Garaikoetxeak gogora ekarri zituen Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen ziola 2021eko martxoaren 8ko mobilizazioetan atxilotu zuten Iruñerriko Mugimendu Feministako kide bati, «agintearen aurkako atentatua» leporatuz. Kasu honetan, mugimenduak egiten duen irakurketa da emakumeak zirelako eta poliziaren «maskulinitatea mindu» zutelako gertatu zela. «Uste dugu atxiloketa horrekin beldurtu egin nahi gaituztela, eta esan nahi zutela ‘begira zer gerta daitekeen antolatzen bazarete, kontuz ibili, zigortu ahal zaituztegu’. Ez da emakume bakar bat epaitzen, baizik eta mugimendu feminista osoa», argudiatu zuen.

Azkenean, Ane Sainz-Espigak euskal gazteen aurkako indarkeria salatu zuen, espetxe-zigorretatik hasita isun ekonomikoetaraino. Hain zuzen ere, azaldu zuen 2021eko maiatzaren 7an Bilbon atxilotutako zazpi pertsonei hamazazpi hilabeteko kartzela-zigorra eta isun eta kalte-ordainetan guztira 21.000 euro eskatzen dizkietela.

«Momentu honetan, prozesu judizial batean sartuta gaude, hiru delituen baitan: lesioen, desordena publikoen eta agintearen aurkako atentatuen delitua. Eta delitu horiek egozteko daukaten froga bakarra agenteen hitza da. Gu gara gezur hori desmuntatu behar dugunak, frogak aurkeztuz; haiek ez dute justifikatzeko beharra ‘egiazkotasun-presuntzioa’ baitaukate», esan zuen Ernaiko kideak prozesuari buruz.