23 MAI 2022 Itsasoko Mousse Jon GARMENDIA Idazlea Mus. Kepak serio begiratu nau: «Lehen eskuan bietara enbido, ezta?». Nik ezetz, hori ez dagoela idatzia nehongo mus arauditan. Nire lagunak: «Paso, eskuak ez du hitz egiten». Eta Txominek, Keparen anaiak: «Bietara enbido». Haren nahia bete du. Norbaiten borondatea derrigortzen duzunean, inposatu egiten zara, ez duzu hura konbentzitzen; beraz, zure kontra itzuliko da. Halaxe pentsatu dut. Zortzi hamarreko dituen hiru ustel adostu dugu, keinuak legezkoak, gezurrek ez dute balio, baina iruzurrak bai, arerioari sinetsaraztea daukazuna baino gehiago duzula. Desabantaila dugula ohartu naiz, gu bi lagun min izanagatik, ongi konpontzen diren anaien artekotasuna ezin baita erraz zulatu. Sabel berean egon direnek elkarren berri dute bizitzen hasi ziren tokitik. Urrun joan dira. Nik «hordago» behartu bat bota dut pareetan, eta hor dago Kepa bere bi erregeekin. Bat eta zero, galtzen. Iruzurra ere aurka itzuli zait. «Lasai, bana jarriko gara emeki-emeki jokatuta», erran diot lagunari, eta hogeita hemezortzian gelditu gara abantzuarekin; haiek jo eta jo. Irabaziko nuelakoan pareetara eduki! eta berriro, galdu. Bi eta zero. «Lasai –erran diot lagunari–, hasieran bezala gaude, hiru egin behar ditugu!». Hainbeste aldiz «lasai» erraten duena ez dago hainbeste. Lasaiki irabazi dute azkenean; itsasoko kresala usainduz jokatu dugun bazkaria gure kontu. Baina jokoan zehar pentsaketan ibili naiz, ikasten, eta hor, galduta ere irabazi egiten da; gainera, plazer hartzen bada, bi aldiz garaile.