04 SEPT. 2022 Abian da, ofizioz Julen MURGOITIO Ikasturte politikoa abian da dagoeneko. Oporraldi politiko ofizialaren osteko ofiziozko ikasturtea abian, hain zuzen. Eta kolpea gero! Lakuako Gobernuak non eta udako ikastaroen egoitza nagusi den Miramar jauregian abiatu! Urteroko zalantza da nirea, ea ikastaro horietako geletan ahotik ahora darabiltzaten gai potoloak, asko eta askotarikoak, benetan bidea ematen ote duten gero hasiko den ikasturte politikoan gauzatzen joateko... ditxosozko trantsizio horretan. Tira, demonio, harira! Ajuria Eneko maizterrak zur eta lur utzi nau abiatze horretako berbaldian. Bueno, egia esan, zur gehiago lur baino; eukaliptoak gogoan. Ez du ba «ekaitza» iragarri! Udako bero pandemiak ekarri duen lehortea oraindik bere horretan dirauela, nork eta lehendakari batek zer eta ekaitza iragarri! Halako agintariak behar ditugu, demontre baietz, ikasturte hasieratik bertatik jendartea animatzeko gai direnak! Horra politikan falta zen «berrikuntza» kasua! Nahiz eta hobeto pentsatuta, zalantzan daukat nik iragarle modura agintari askok duten sen antzeko hori. Iragana iragartzeko gai izan ez dena ez dut ikusten etorkizuna iragartzen. Azken finean, geroa ziurgabetasunez beteta dator goizero, eta iragana ziurtasunez beteta doa gauero. 43 urteko Gernikako Estatutuaren eskumen lehortea gogoan. Lakuamet horrek Euskalmet hori Euskaltel haren bidetik bidaliko ote du? Jelkideek ere, alderdi modura oraingoan, abiatu egin dute ikasturtea, jeltzaleekin batera abiatu, gainera. «Goazen!» hartu dute kanpainaren goiburu. Zer garrantzitsua den euskaraz «!» sinboloa ganoraz erabiltzea, ez baita gauza bera «Goazen!» eta «Go!azen». Horretan ere ari dira berrikuntza bidean... Egunero hasten den geroak esango du nondik nahi izango duten eraman ikasturte politiko honetan ditxosozko trantsizioa...