GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBIDEEN AITORTZA

Etxeko beharginek langabeziaren prestazioa jasoko dute

Espainiar gobernuak etxeko langileen baldintzak arautuko dituen errege dekretua onartu zuen atzo, eta langabezia-ordainsaria jaso ahal izango dute. Urritik aurrera hasiko dira kotizatzen, eta enplegatzaileek %80ko hobaria jasoko dute. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak diskriminatzailetzat jo zuen langabeziagatiko babesik ez izatea.

Etxeko langileek lan itunaren alde Bilbon egindako mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Espainiar gobernuko Ministroen Kontseiluak etxeko beharginei langabezia-ordainsarirako eskubidea ematen dien errege dekretua onartu zuen atzo. Urritik aurrera hasiko dira kontzeptu horregatik kotizatzen, eta enplegatzaileek %80ko hobaria jasoko dute..

Era berean, desestimenduaren figura murriztuko du; hau da, etxeko langileak arrazoirik gabe kaleratzeko aukera. Estatu espainiarreko Gizarte Segurantzan afiliatutako 373.121 pertsona ditu sektoreak, eta kolektibo feminizatu honek orain arte ez zituen gainerako langileen eskubide berberak izango ditu hemendik aurrera. Kaleratzen badituzte, langileek urriaren 1etik aurrera izango dute langabezia jasotzeko eskubidea, baina prestazioa jaso ahal izateko urtebetez kotizatu beharko dute, gainerako soldatapekoek bezala.

Yolanda Diaz espainiar Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak nabarmendu zuenez, etxeko emakume langileek «zentzu betean» eskuratuko dituzte «eskubideak» aurrerantzean langabezia-prestazio hori eskuratuta.

Enplegatzaileentzat, langabeziagatiko kotizazio berriak %6ko tasa izango du (enplegatzaileak %5 hartuko du bere gain, eta langileak %1). Horri %0,2 gehituko zaio Fogasarako (soldatak bermatzeko funtsa) eta, 2023tik aurrera, pentsioen belaunaldien arteko ekitate-mekanismoaren %0,60. Mekanismo horren %0,50 enplegatzaileari dagokio, eta %0,10 enplegatuari. Langabeziagatiko eta Fogasagatiko kotizazio horien zenbatekoek 80ko hobaria izango dute; gertakari arruntengatiko kotizazioenak, berriz, %20ko gutxieneko murrizketa izango du, eta familia-motaren, errenta-mailaren eta ondarearen arabera handitu ahal izango da.

Espainiar Gobernuak Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 189. hitzarmena berretsi zuen ekainean, etxeko langileen lan-baldintzak gainerako langileenekin parekatzeko. Hainbat gobernuk urteetan LANEren hitzarmen horri atxikitzeko helburua izan duten arren, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) epai batek behartu zuen kolektibo horri gizarte-babesa eta eskubideak ematera.

Positiboa baina eskasa

ATH-ELE Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak positibotzat jo zuen langile horiei aitortutako langabezia-eskubidea, baina kritikatu egin zuen Araubide Orokorrean eskatutako kotizazio-aldiak bete arte ordaintzen ez hastea. «Eskubidea ukatu ondoren, gainerakoek bezala kotizatu izana eskatzen da orain», salatu zuen elkarteak. ATH-ELEren arabera, beste alderdi negatibo bat da 2023/01/01erako aurreikusita zegoen Erregimen Orokorrarekiko parekatzea urtebetez atzeratu izana eta 2024/01/01ean izatea. Horrekin batera, tarteen desagerpena eta, ondorioz, soldata errealengatiko kotizazioa beste urtebetez atzeratzea kritikatu zuen, «eta askoz larriagoa dena, pentsioen kalkulua kotizazio hutsen estaldurarekin».

Alderdi positibo gisa, nabarmendu zuen ezabatu egiten dela hilean 60 ordu baino gutxiagoko lanaldietan langileak Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzeko duen erantzukizuna, eta, bestalde, alde enplegatzailearentzat hobariak ezartzeko aukera, Gizarte Segurantzan alta emateko.

Lan arloan, salatu zuenez, ez da aldatu Langileen Estatutuak hilabeteko kalte-ordaina baino ez ematea enplegatzailearen heriotzagatik, eta, bere ustez, zerbitzu-urteen proportzioan handitu beharko litzateke.

Ontzat jo zuen desestimendua murriztea, eta kargu-uztea beti arrazoi objektiboek eragindakoa izatea, baina kritikatu zuen kalte-ordainak urteko 12 eguneko desestimendua izaten jarraitzea, Estatutuaren 20 egunen ordez. Positibotzat jo zuen bidegabeko kaleratzeak urteko 33 eguneko kalte-ordaina jasotzea.