08 SEPT. 2022 Marina Palacioren zinema-kartel faltsuak Tabakaleran Zinemako kartel faltsuak asmatu, sortu eta diseinatzean datza Marina Palacioren «[Not Found_Try Again]» argazki-proiektua. Kartel faltsu horiek protagonisten errealitatea (osoa edo partziala) transmititzen dute irudi eta testuen manipulazioaren bitartez. ”[Film Not Found_Try Again]” argazki-proiektua aurkeztu du Marina Palaciok. (Maialen ANDRES FOKU) GARA DONOSTIA Marina Palacio zinemagile eta diziplina anitzeko artistak “[Film Not Found_Try Again]” erakusketa aurkeztu du Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Zehazki, existitzen ez diren filmen kartelez osatutako argazki-proiektu bat da, eta protagonistak Donostia Zinemaldiko hainbat departamentutan lan egiten duten pertsonak dira edo zinema sektoreko kide direlako Zinemaldiarekin lotuta daudenak. Urriaren 31ra arte, Tabakalerako bigarren solairuan -Zinemaldiaren bulegoetarako sarbidean, hain zuzen ere-, zinema-kartel faltsuen erakusketa hau egongo da ikusgai. Kartel horietan, artistak irudiak eta testua manipulatu ditu, protagonisten errealitatea -osorik edo partzialki- transmiti dezaten; euren buruaz hitz egiten dute protagonistek, halaber, kreditu-tituluen ohiko lekua hartzen duten testu txiki batzuen bidez. Argazki-proiektua aurreko proiektu batetik sortua da; aurreko proiektu hori Marina Palacioren jatorrizko ideia zen eta gertuen zituen pertsonekin batera egin zuen egileak. Kontserbatzaileak eta zaharberritzaileak, proiektagailu teknikariak, argazkilari bat eta txofer bat, konpositore bat eta ekoizle bat, eta Ekoizpen, Industria, Harreman Publiko eta Web & IKT departamentuetako langileak dira inoiz existitu ez diren -eta existituko ez diren- filmen kartel horien protagonistak (“ez-filmak”, Palaciok erabilitako terminoaren arabera), eta, beraz, milaka istorio izan ditzakete aldi berean. Gainera, irudi bakoitza Jesús Palaciok -artistaren aita- online irakurtzeko idatzitako kontakizun labur batekin osatzen da. Marina Palacioren hitzetan, «Zinemaldiaren 70. urteurrena aukera ezin hobea da oraingoan kameraren aurrean kokatu diren noizbehinkako aktore horiek omentzeko: fokuen atzean egonik, Zinemaldiaren martxa onerako edizioz edizio ezinbestekoak izan diren ehunka pertsona horiek». Arte Ederretan lizentziatu zen Marina Palacio (Donostia, 1996) Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) sorkuntzako graduondokoa egin zuen geroago. “Ya no duermo” (2020) bere film laburra Kimuak programaren parte izan zen eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatu zen, estatuko eta nazioarteko hogeita hamar lehiaketa baino gehiagotan parte hartu aurretik. Malagako zinema-jaialdian Fikziozko Film Labur Onenaren Biznaga eskuratu zuen, eta Film Labur Iberoamerikar Onenaren Saria, bestalde, Shorts Mexico jaialdian, beste golardo batzuez gain. Gaur egun bere lehen film luzea, “Y así seguirán las cosas”, ari da lantzen, 2020an Noka Mentoring programan garatzen hasi zena eta ondorengo urtean Ikusmira Berriak egonaldietatik igaro zena. DE UN PROYECTO ANTERIORCuatro a��os despu��s, ha conseguido relanzar el proyecto gracias a la participaci��n de varias personas procedentes de diferentes secciones del Zinemaldia o vinculadas al Zinemaldia por su pertenencia al sector cinematogr��fico.