GARA Euskal Herriko egunkaria

XXI. menderako hizkuntza politikaz eztabaidatzeko jardunaldia


XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia antolatu dute Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena dela-eta. Urriaren 19an izango da Eibarren.

Erakunde hauetako ordezkariek atzo aurkeztu zuten etorkizunean «zer hizkuntza politika behar dugun argitu eta eztabaidatzeko» xedea izango duen ekimena.

«XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitzeko eztabaidatu beharra dago. Ez asko edo gutxi egin dugun aztertzeko, premiazkoa dugun horren inguruan eztabaidatuz akordioetara heltzeko baizik. Jardunaldi hauen asmoa herri honetan abiatu beharreko eztabaida horri ekarpena egitea da», azaldu zuten.

Jardunaldirako izena eman daiteke jada UEUren webgunean.

Aldaketen eragina

Azaldu dutenez, XXI. mendearen lehen laurdenean murgilduta gaudela, mundu mailan «sekula ezagutu ez den abiadako aldaketak gertatzen ari dira», eta horren guztiaren ondorioz «gizartearen eta bere balioen eraldaketa sakona izaten ari da». Horrek, aldi berean, «identitatearen erreprodukzio sistemetan, oro har, eta gurea bezalako komunitate/nazio gutxiagotuetan» eragingo du, antolatzaileen ustez.

Euskal Herrira etorrita, esan zuten euskararen egungo normalizazio ereduak «goia jo duen zantzuak» nabari direla zenbait esparruetan, hezkuntzan kasurako, eta horrek eragina duela «euskararen transmisioan eta iraupenean».